Parte-hartzeak behera egin du Aretxabaletan ere; 3.571 herritar joan dira botoa ematera eta abstentzioa izan da %35,55ekoa. Jasotako boto zuriak 40 izan dira eta baliogabeak 37.
EH Bilduk orain dela lau urte baino 222 boto gehiago jaso ditu, eta horrela, zazpigarren zinegotzia eskuratu, botoen %48,75 jasota. Hala, Gari Iturbe Etxebarria izango da alkate datozen lau urteetan.
EAJk, ostera, 400 boto pasa galdu ditu, botoen %40,15 jasota, eta ondorioz, zinegotzi bat galdu du. Gainerako alderdiek, PSE-EEk, Elkarrekin koalizioak eta PPk agintaldi honetan ere ez dute ordezkaritzarik izango.
Batzar Nagusiak vs Udal hauteskundeak
Bi hauteskundetarako botoa eman dute aretxabaletarrek gaurkoan, eta ondorengo taulan bien arteko konparaketa jasotzen da. EH Bilduk zein EAJk boto gutxiago jaso dituzte Batzar Nagusietarako, lehenengoak 51 gutxiago eta bigarrenak 20. PSE-EEk, Elkarrekin koalizioak eta PPk, ostera, boto batzuk gehiago jaso dituzte.