Bailarako herri guztietan egongo dira Aratusteen bueltako ekintzak asteburuan

Hasier Larrea 2023ko ots. 17a, 12:23

Mozorrotzeko eta festarako gogotsu daude debagoiendarrak. Gaurtik hasita, egitarau koloretsuak prestatu dituzte bederatzi herrietan.

Elgetan gaur bertan egingo dute kalejira eta dantza arratsaldeko lehen orduan, Herri Eskolako neska-mutikoek eta irakasleek gidatuta.

Aramaion Inauterietako kontzertua egingo du Trikiti Eskolak gaur, 18:00etan hasita, kultura etxean. Lagun Artean dantza taldeak ere emanaldia egingo du herriko kaleetan, 19:00etan irtengo baitira frontoi ingurutik.

Bergaran martitzenera arte iraungo du festak, eta gaur eguerdian Mariaren Lagundiko eta Aranzadi Ikastolako ikasleek kalejira egingo dute. Gauean, 22:30ean hasita, Bergarako Musika Bandaren eta Bergarako Orkestra Sinfonikoaren Aratusteetako kontzertua izango da.

Zapatuan egingo dute eztanda Inauteriek, ostera, Arrasaten, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan, Antzuolan eta Oñatin.

Aretxabaletan jakina da domeka izaten dela egunik ederrena. Aurretik, baina, egongo da zertaz gozatu, Leizarra Musika Eskolakoek Egubakoitz Argal jaia ospatuko baitute gaur Ibarra kiroldegian, 18:00etan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak