Trikiti Eskolak Inauterietako kontzertua egingo du gaur, 18:00etan, kultura etxean. "Azkeneko bi urteetan egin dugun moduan, aurten ere ikasleen Inauterietako kontzertua egingo dugu", azaldu du trikiti irakasle Aritz Alustizak. Auspotarrak eta Larruketarrak taldeak igoko dira oholtzara. "Trikitiari eta panderoari keinu" eginez ipinitako izenak direla dio Alustizak. Kontzertua 3 euroren truke izango da. Trikiti Eskola osatzen duten 50 ikasleek jarriko dute musika. Denetariko abestiak entzungo direla azaldu du Alustizak: "Euskal abesti tradizionalak izango ditugu, betiko moduan; baina, horrez gain, baita gaur egungo taldeak ere: Zetak eta ETS, besteak beste". Trikitiaz eta panderoaz gain, beste musika instrumentu batzuk ere egongo dira: pianoa, bateria, gitarra eta baxua.
Mozorroa jantzita
Inauterietako kontzertuak gai bat izaten du: aurten Trogloditak izango da gaia eta musikariak modu horretan mozorrotuta irtengo dira oholtzara. Alustizak dio ikasleak gogotsu eta, era berean, urduri daudela gaurko emanaldirako: "Hala ere, irakasleak eurak baino urduriago egongo gara. Ikasleak ohitura daude kalejiretan jotzera, baina oholtza gainera irtetea ezberdina izaten da".
Lagun Artean dantza taldearen emanaldia
Trikitia ez da izango gaurko kultura emanaldi bakarra: Lagun Artean dantza taldeak ere emanaldia egingo du herriko kaleetan. Frontoi aldetik irtengo dira, 19:00etan, eta kalean ibiliko dira dantzan. "Pare bat geldialdi egingo ditugu kalean", dio dantza irakasle Oihane Vicentek. Egingo dituzten dantzak izango dira: txantxo dantza, sorgin dantza, momotxorroen dantza, fandangoa, arin-arina.. Nabarmendu du, gainera, aurten Momotxorro jantzita irtengo direla kalera –Altsasuko Inauterietako pertsonaia tradi-zionala–.
Herri bazkaria, bertan behera
Inauteriak betiko moduan antolatu eta ospatzeko gogoz zeuden aurten; hori horrela, bihar herri bazkaria egitekoak ziren eskolako jangelan. Bada, bazkaria bertan behera geratu da. Ez da bazkaririk egingo, baina bai mozorro lehiaketa. Izena emateko aukera zabalik dago oraindik ere eta bihar bertan ere egongo da izena emateko aukera. Kultura etxean dauden orriak bete beharko dira; behin beteta, udaletxean aurkez daitezke, baita liburutegian ere. Lehiaketako sariak izango dira: lehenengoak 150 euro eramango ditu eta bigarrenak 90 euro –bi kategoria egongo dira eta bietan egongo dira bi saridun–. Horrez gain, mozorro originalena ere sarituko dute –90 euro–.
Txokolate-jana eta musika
Mozorro lehiaketa eta txokolate-jana plazan izango dira, 18:00etan. Ondoren, disko-festa egingo dute. Musika jartzen izango da Hazi Hezkuntza animazio soziokulturaleko enpresa. Musika, jolasa, dantza eta mugimendua uztartzen dituzte euren ikuskizunetan, gaztetxoek ondo pasa dezaten.
Martitzen arratsaldean Aramaixoko Herri Eskolakoak irtengo dira kalera. Kalejira egingo dute, gai konkretu bati buruz mozorrotuta.
Bestalde, otsailaren 21ean, 17:00etan, ludotekan maskara eta makillaje tailerrak izango dituzte gaztetxoek Hazi Hezkuntzakoekin. 5 urtetik beherakoek heldu baten laguntzarekin joan beharko dute.