Aratusteetan murgiltzeko aurreneko zertzeladak eman dituzte aste honetan, torradak eta pellak egiteko ikastaroarekin eta sorgin dantzarekin, baina martitzenera arte iraungo duen festa gaur lehertuko da.
Haur, gazte nahiz helduak izaten dira jai hauetako protagonistak. Herriko hiru ikastetxeek kalejirak egingo dituzte: Mariaren Lagundiak eta Aranzadi Ikastolak, gaur; San Martin Herri Eskolak, martitzenean.
Mariaren Lagundia Ikastolako neska-mutilak izango dira kalera aterako diren lehenak; zehazki, 14:30ean. Animaliarik gabeko zirkua gai hartuta, trapezistak, pailazoak, mimoak eta magoak ibiliko dira, besteak beste, kaleak girotzen ikastolara itzuli arte. Aranzadi Ikastolako ikasleen Euskal Aratusteen kalejira, aldiz, 15:20 aldera hasiko da; eta aurreratu dutenez, kalejira "erraldoia" izango da. Aratuste martitzenera arte itxarongo dute Bergarako lanbideez mozorrotutako San Martin Herri Eskolako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek. 15:10ean hasita, hainbat geldialdi egingo dituzte San Martin plazara heldu arte. Desfilearen ostean, Gauargi erromeria taldeak alaituko du San Martin plaza.
Mozorro txapelketa
Gazte Koordinadora Sozialistak mozorro lehiaketa antolatu du zapaturako. Egunean bertan eman ahalko da izena 13:00etatik 13:30era bitartean Seminarixoko karpan egongo den antolakuntza-mahaian, edo IAko nahiz GKSko kideei parte hartzeko asmoa jakinarazi beharko zaie. Talde bakoitzak izena eta abesti bat aukeratu behar ditu.
Musika protagonista
Bergarako Musika Bandaren eta Orkestra Sinfonikoaren Aratusteetako kontzertu bereziak ohiko formatua berreskuratuko du. Gaur gauean izango da, 22:30ean, Udal Pilotalekuan, eta bitan banatuko dute: lehendabizi, hiru pieza joko ditu Musika Bandak; eta ondoren, musika eta antzerkiak bat egingo dute Izarren gaua izeneko ikuskizunean. Bigarren zati horretan, Bergarako Musika Bandak, Orkestrak, Aritzeta abesbatzak, Debako Kulunka dantza-taldeak eta hainbat abeslarik hartuko dute parte antzezleekin batera.
Halaber, bihar arratsaldean, Tximeletak txaranga ibiliko da kaleetan zehar eta 20:00etan Basajaun erromeria taldearen txanda izango da, plazan. Domeka arratsaldean Bergarako erraldoiak eta txistulari banda aterako dira kalera, herria alaitzeko asmoarekin. Azkenik, martitzen arratsaldean Musika Eskolako Gazteen Bandak ez du hutsik egingo eta euren doinuak izango dira entzungai herriko kaleetan.
Egitaraua, osorik
Hainbat ekintza daude antolatuta datozene egunetarako.
- Otsailak 17
- 14:30 Mariaren Lagundiko ikasleen kalejira.
- 15:20 Aranzadi Ikastolako ikasleen kalejira.
- 22:30 Bergarako Musika Bandaren eta Bergarako Orkestra Sinfonikoaren Aratusteetako kontzertua.
- Otsailak 18
- 17:00 Tximeletak txaranga kaleetan zehar.
- 18:00 Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Urteak bete, abenturak bizi! Udal Pilotalekuan.
- 20:00 Basajaun taldea San Martin plazan.
- Otsailak 19
- 18:30 Bergarako erraldoi eta txistulari bandaren kalejira.
- Otsailak 21
- 15:10 San Martin Agirre Herri Eskolako ikasleen kalejira.
- 16:30 Musika Eskolako Gazteen Bandaren kalejira.
- 17:30 Gauargi taldea San Martin Plazan.