Eskoriatzako Aratusteetan, azpimarratzeko hitzorduen artean, Eskoriatzako Musika Bandak, azken urteetako joerari eutsiz, kontzertua eskainiko du gaur, 20:00etan, Zaldibar antzokian. 2018an egin zuen lehenengo aldiz data honetan emanaldia, eta berriro ere mozorro-jantziekin jardungo dute oholtza gainean. Emanaldia Piztu telebista izenpean eskainiko dute eta telebistaren historian izandako zenbait saiotako piezak izango dira entzungai, Jesus Urrutia Eskoriatzako bandaren zuzendariaren gidaritzapean. Besteak beste, Eurovision, Cartoon Simphony eta ¿Cómo están ustedes? piezak eskainiko dituzte, moldaketekin.
Mozorro desfilearen zain
Txarangarekin eta trikitilarien kalejirarekin girotuko da zapatu goiza eta kiroldegian herri-bazkaria egingo dute; arratsaldeko hitzorduekin batera, baina, eguneko ekintza nagusia mozorro desfile-lehiaketa izango da. Lehiaketan parte hartzeko, zapatuan 13:00etan egingo den desfilean irten beharko da. Hau da, sariren bat irabazteko, desfile osoa egiten duten pertsonak edo taldeak baino ez dira kontuan hartuko, Luis Ezeizaren patiotik irten eta Santa Marinan amaitzen dutenak. Horrekin batera, desfilean parte hartzeko ez da aldez aurretik izenik eman behar, Luis Ezeizako patioan egon behar da 12:50erako, eta desfilean irten. Ibilbidea Luis Ezeiza-Fernando Eskoriatza plaza–Santa Marina izango da eta erakustaldia edo dantzaldia egingo duten taldeek plaza parean gelditu ahalko dute. Epaimahaia desfilea bukatutakoan elkartuko da erabakia hartzeko, eta 18:30ean jakinaraziko da irabazleak nortzuk diren eta sariak orduan banatuko dituzte.
Egitaraua
Egubakoitza, 17
• 20:00 Musika Eskolako Musika Bandaren Piztu telebista Aratusteetako kontzertua.
Zapatua, 18
• 12:00 Gezaltza txaranga.
• 13:00 Trikitilariekin kalejira.
• 13:00 Mozorro desfilelehiaketa, Luis Ezeizako patiotik hasita.
• 14:30 Herri bazkaria, kiroldegian.
• 17:00 Zezentxoak eta poneyak, Luis Ezeizako patioan.
• 18:00 Mozorro lehiaketako sari banaketa, Fernando Eskoriatza plazan.
• 18:30 DJ Moto.
Martitzena, 21
• 10:30 Umeen jaialdia, Joseba Iñurrategi pilotalekuan.
• 17:15 Kukumarruak, Fernando Eskoriatza plazan.
• 18:00 Eidabe taldearen Gora bihotzak saioa, Fernando Eskoriatza plazan.
Badatoz kukumarruak
Aratuste-martitzeneko protagonista nagusiak kukumarruak dira eta oraingoan ere Fernando Eskoriatza plaza inguruan ariko dira puxikarekin haurren atzetik. Hala ere, aurretik, goizean, 10:30ean hasita, haurren jaialdia izango da frontoian, eta egunerako prestatu dituzten zenbait dantza ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.