Aurreko aste bukaeran kokoak izan ziren protagonista eta baserriz baserri ibili ziren zapatu goizean zein arratsaldean. Joan dira kokoak, eta aste bukaera honetan bestelako mozorroen txanda izango da herrian.
Urtero moduan, Inauteri-barikuarekin ospatuko dute Aratustea. Arratsaldeko lehen orduan Herri Eskolako neska-mutikoak izango dira kolorea eta festa giroa jartzen lehenengoak. Bazkari ostean mozorrotuko dira eta kalejiran irtengo dira kalez kale, 15:00etan. Herri Eskolatik abiatuko dira eta, Domingo Iturbe kalean gora egin ostean, San Roke kaletik egingo dute plazarainoko bidea. Behin plazara heldutakoan, aurreko egunotan prestatutako dantzak eskainiko dituzte. Gurasoak, senitartekoak eta herritarrak gonbidatuta daude saioaz gozatzera eta, zergatik ez, parte hartzera.
Txokolate-jana eta dantzaldia
Maala guraso elkarteak antolatutako txokolate-janarekin izango du segida Inauteri giroak Elgetan. 16:30 aldera izango da hori. Ondoren, dantzarako tartea izango da; izan ere, Udalak antolatuta, Gauargi taldea izango da herrian haurrak eta gazteak dantzan jartzeko asmoarekin. Dantzaldia 17:00etan hasiko da. Eguraldi ona bada, ekintza horiek guztiak plazan egingo dira; bestela, pilotalekuan.
Gaztelekuan, zapatuan
Gazteleku zerbitzutik ere egin dute ahalegina Aratustea ospatzeko. Merienda eta azazkalak zein aurpegia margotzeko tailerra antolatu dituzte zapatu arratsalderako. Saioa seigarren mailatik gorako neska-mutikoendako da eta 16:00etan izango du hasiera. Lehenengo, tailerra egingo dute, eta ondoren, merienda. Izena emateko, 943 76 80 22 telefono-zenbakira deitu behar da.
Erretiratuak, martitzenean
Xalbadorpe erretiratuen elkarteko kideek ere ospatuko dute Aratustea. Txokolate-jana eta bingo saioa iragarri dituzte Aratuste-martitzenerako. Ozkarbi elkartean elkartuko dira, 16:30ean. Elkarteko bazkide guztiak daude lagun artean arratsalde-pasa egitera gonbidatuta.