Desfilearen ostean egingo dute sari banaketa, 13:00etan, Herriko Plazan. Kuadrilla onenaren saria 1.000 eurokoa izango da, urdaiazpikoaz eta plakaz gain; karroza onenaren saria, berriz, 500 eurokoa izango da, urdaiazpikoarekin eta plakarekin batera; kuadrilla gazte onenak 300 euro, urdaiazpikoa eta plaka eskuratuko ditu, baita taberna onenak ere; azkenik, bakarkako mozorro onenaren saria 150 eurokoa izango da, garaikurrarekin eta gaztarekin batera.
Arrasate Musikaleko txarangak, eguerdiko desfilean egingo duen moduan, arratsaldean ere giroa alaituko du herriko kaleetan zehar, 18:00etan hasita. 19:00etan, bestalde, Verbena latina festa egongo da Seber Altube plazan, Amerika elkarteak antolatuta. Halaber, Iratzar taldearen dantzaldia ere egongo da, 19:30ean eta 22:30ean, Herriko Plazan.
Martitzenean bigarren platera
Etzi, domeka, Vaiven antzerki taldeak Familia sarekada emanaldia egingo du Amaia antzokian, 19:00etan, eta martitzenean, berriz, Aratusteen bigarren plateraren txanda izango da. 17:00etan mozorro desfilea egingo dute Biteri plazan eta, ordu berean, Muxi eta Tomax pailazoek 4 urtetik gorako haurrendako emanaldia egingo dute Amaia antzokian. Bi ipuin kontatuko dituzte: Ahatetxo itsusia eta Txanogorritxo. Sarrera doakoa izango da.
17:30ean kaleak girotzen hasiko da Samasiku txaranga eta 18:30etik aurrera Arrasateko Erraldoi eta Kilikiak kalez kale ariko dira. 19:30ean disko festa egingo du Nemux taldeak plazan.
Aratusteei amaiera emateko, sardina-ehorzketa egingo dute, SUDC elkarteak antolatuta. 20:30ean abiatuko dute desfilea, Kulturolatik, eta 21:00etan ehortziko dute sardina, plazan. Azkenik, disko festa egongo da.
Izaro Sanchez, kartelaren egilea: "Arrasatek sinbolo gisa dituen elementuak erakutsi gura izan ditut"
Arrasateko Aratusteetako kartelaren egilea da Izaro Sanchez (1987, Aretxabaleta).
Ze irudikatu gura izan duzu kartelarekin?
Gura izan dudana da, batez ere, Arrasatek sinbolo moduan dituen elementuak erakustea eta, era berean, adieraztea edozein pertsonaia izan zaitezkeela Aratusteetan.
Zein izan da prozesua?
Ideia nahiko argi neukan hasieratik. Beraz, bozetoa egin nuen lehenik koadernoan eta ondoren ordenagailuan tratatu nuen. Egia esan, oso gustura geratu naiz emaitzarekin, adierazi gura nuena ondo adierazi dudalako.
Ze lotura duzu Arrasaterekin? Zergatik aurkeztu zara lehiaketan?
Ahalegintzen naiz Aretxabaletako zein Arrasateko lehiaketetan aurkezten. Harrotasuna sentitzen du eta irabaztea laguntza bat ere bada. Horrez gain, Arrasaterekin lotura dut, artisau taldean nagoelako.
Diseinu arloan diharduzu?
Argazkilaritza eta ilustrazioa ikasi nuen eta orain, artisautzaz gain, kartelak eta muralak ere egiten ditut.
Aratusteak ospatuko dituzu?
Bai. Dena dela, nahiko txarra naiz mozorroa prestatzeko eta beti azken orduan ibiltzen naiz.