Herria prest jai giroan eta festan murgiltzeko

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko ots. 17a, 11:12

Iazko Aratusteetan UDAko jokalariak Durana kalea zeharkatzen. Iturria: Imanol Soriano

Bi egun besterik ez dira falta Aretxabaletan festak lehertzeko. Goiztiarrenak Leizarra Musika Eskolakoak izango dira; izan ere, Ibarra kiroldegian Egubakoitz Argaleko jaia ospatuko dute gaur. Herritarrak gogotsu daude urteko egun bereziena ospatzeko.

Guztia prest dago Aretxabaletan 2023ko Aratusteei ongietorria egiteko. Mozorroei azken ukituak ematen aritu dira egunotan aretxabaletarrak eta, hilabete luzeetako prestaketen ondoren, jai giroan murgiltzeko gosea dute. Kalean sumatzen da egun handirako soilik berrogeita zortzi ordu gelditzen direla. Aratuste-domeka baino lehen, motorrak berotzen hasiko dira gaur Leizarra Musika Eskolakoak; Ibarra kiroldegian, 18:00etan, Egubakoitz Argal jaia ospatuko dute. Bihar, berriz, bola-zaleek hitzordu garrantzitsua izango dute bolatokian; izan ere, Bolo Txapelketa jokatuko da, 22:30ean.

Domekarako egitarau mardula

Otsailaren 19an, baina, etorriko da aretxabaletarrentzat urteko egun bereziena. 10:00etan hasita, dianak herria esnatuko du, eta ondoren, 11:45ean aurtengo Santa Ageda neska-mutilek txino dantza egingo dute; Herriko Plazan hasi eta buka, Durana kalean eta Mitarte kalean barrena aritu ondoren. 12:00ean, eguneko beste hitzordu garrantzitsu bat iritsiko da; kuadrillen desfilea. Hori amaitutakoan, bi eskaintza aukeran: herriko hiru musikarik kontzertua eskainiko dute Ezkutu kanpoaldean eta Gesaltza txarangak herriko kaleak girotuko ditu. Goizeko giroa bizi ondoren, bazkaltzera joango dira aretxabaletarrak; bazkari golfoa ospatuko da Iturrigorri pilotalekuan, eta ohiko herri bazkaria Ibarra kiroldegiko kantxa nagusian. Bazkal ondoren, 17:00etan Arlutzeko kantxan DJak egongo dira eta, beti bezala, 18:45ean mozorro lehiaketaren sari banaketa egingo dute, Herriko Plazan. 19:00etan, Santa Ageda neska-mutilek azken dantza emanaldia eskainiko dute.

Gune morea

Eraso matxistarik gabeko Aratusteen alde, Udalak gune morea jarriko du Josu harategiaren parean 18:00etatik 22:00etara. Aratusteak ofizialki otsailaren 21ean amaituko dira, martitzenean 20:00ean Txinen hiletarekin. Ohiturari jarraituz, Santa Ageda neska-mutilek zerraldoa eramango dute Mitarte Plazatik Herriko Plazaraino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak