Aratuste gosez dira dagoeneko herritarrak, eta, bapo asetzeko, menu aproposa antolatu dute herrian zapaturako.
Oinarin dantza taldeak antolatuta, kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar dantzari helduek, 10:00etan hasita. Txistulariekin batera sorgin dantza eta txerri dantza egingo dituzte auzoetan, eta alboan izango dituzte hartza, tximinoa eta hezitzailea ere, bazterrak eta bazterrekoak zirikatzeko prest. Hamaiketakoa egingo dute, ohi den moduan, eta, indarrak hartu ostean, dantza saioa izango da nagusi Herriko Plazan, 12:30ean. Bi dantza horiez gain, haurrek eginikoak ere protagonista izango dira; pandemia ezkero lehenengo aldiz.
Horrez gain, nahi duenarentzako mahaiak eta eserlekuak ere egongo dira udal pilotalekuan bazkaltzeko. Ez da catering zerbitzurik izango, norberak eraman beharko du jatekoa, eta mahaiak eta aulkiak jartzeaz, jasotzeaz eta dena txukun lagatzeaz ere norberak arduratu beharko du.
Iluntzean, berriz, Inauteri giroari ukorik egin gabe, erromeria doinuez gozatzeko aukera izango da. Intxausti, Larrañaga eta Arakama arituko dira oholtza gainean Herriko Plazan, 19:00etatik 21:00etara eta 22:30etik 00:30era.
'Tomaxen abenturak'
Halere, bihar izango da Inauterietako aperitifa. Ospakizun xumea eta barrura begirakoa egingo dute Antzuolako eskolan, eta, Pausoka guraso elkarteak antolatuta, txokolatea eta torradak banatuko dizkiete haurrei.
Ostean, Tomaxen abenturak ikuskizuna izango da, Torresoroa aretoan, Udalak antolatuta. Bi emanaldi egingo dituzte, 17:00etan eta 18:30ean, eta Tomax mutil inozo baina jator, alai eta dibertigarriaren abenturak ezagutzeko bide izango dute gaztetxoek, alboan izango duen Muxi lagunarekin.
Martitzenean erretiratuak
Martitzenean, berriz, hilaren 21ean, erretiratuen txanda izango da. Landatxope elkarteak merienda eta mozorro jaia antolatu ditu, 18:30ean hasita, eta mozorro onena saritu egingo dute.