Garaia Parke Teknologikoa 2019an hasi zen Pertsonen Berrikuntzarako Hilabetea antolatzen. Bi urteko pandemiaren ostean, "ingurune pertsonalean eta lan-ingurunean portaera ohitura berriak" sortu diren honetan, enpresak osatzen dituzten pertsonei balioa eman gura diete, maiatzean egingo dituzten hitzaldietan. "Egunero planteatzen diren erronken aurrean irtenbideak garatzeko talentua aplikatzen dute. Garrantzitsuak dira, baita ere, beste aldean dauden pertsonak, bizitzen ari garen produktuen eta zerbitzuen erabiltzaile gisa. Hiru urtean hamabost hitzaldi antolatu ditugu, eta 500 pertsonaren elkartze lekua izan gara", esan du Garaia Parke Teknologikoko Negozio Garapeneko arduradun Idurre Albizuk.
Maiatzeko bost hitzaldiak
Maiatzeko martitzenetan egingo dituzten hitzaldiak dira: maiatzaren 3an, La cultura violenta y la agresividad en las Organizaciones, In Group taldeko Nieves Barahonarekin; maiatzaren 10ean, Decisiones acertadas, abentura-sortzaile Iker Fernandezekin; maiatzaren 17an, Evitar accidentes laborales a traves de la mejora del sueño, Teknodidaktako Norberto Gomezekin; maiatzaren 24an, Cómo realizar mi plan de gestión de absentismo, On-Salus enpresako Iñigo Garatxenarekin; eta maiatzaren 31n, Comportamientos tóxicos en los equipos, MUko irakasle eta coach Nerea Lizarragarekin eta Juan Felix Garciarekin.
"Agresibitatea oso errotuta daukagu"
NIEVES BARAHONA In Group taldeko kidea
Biolentziaren kultura eta agresibitatea erakundeetan izango da lehen hitzaldiaren gaia. In Group enpresako Nieves Barahonak egingo du berba.
Zertaz ari gara hori diogunean?
Agresibitatea oso errotuta dago gure egunerokotasunean. Nik landuko dut jendearekin erlazionatzeko eta komunikatzeko askotan erabiltzen den agresibitatea. Besteekin hartu-emana egiteko ez baditugu mezu positiboak erabiltzen, min handia egin dezakegu. Hortaz, gatazka horiei nola aurre egin eta komunikazio integratiboa nola erabili landuko dut.
Ohikoa da, beraz, agresibitatea enpresetan.
Bai, baina ez bakarrik enpresetan. Gaizki ulertzeak, enpatia falta, besteekiko epaiketak... Ez dugu entzute aktiboa erabiltzen, eta horren ondorioz dator agresibitatea. Gatazka handitzen joan aurretik jakin behar dugu nola heldu garen egoera horretara, eta zein tresna erabil ditzakegun arazoa konpontzeko.
--> Elkarrizketa osoa irakurri
"Sinplifikatzen ikasi behar dugu, erabakiak hartzeko"
IKER FERNANDEZ Abentura-Sortzailea
Bizitzaren ekintzaile gisa definitzen du bere burua Fernandezek. 2010ean, orduko lanpostua utzi, eta erronka berrien bila abiatu zen: pertsonei eta enpresei laguntzea aldaketak kudeatzen eta haien eraldaketa bultzatzen.
Ziurgabetasun-garaietan erabaki egokiak hartzeari buruz berba egingo duzu.
Gaur egun, enpresak ez dira ausartzen planak urtebetera baino gehiagora zehaztera. Badaude urte gehiagorako estrategia eta agertokiak, baina egoera politikoa, soziala eta ekonomikoa etengabe aldatzen ari da. Hortaz, zuzendaritza- kontseiluek gauza bera dute buruan: arinak izan behar dute, eta erabaki bakoitzaz oso kontziente izan. Alegia, gaur egungoari arreta handia ipini.
Ziurgabetasuna da erabaki- organoetan daudenen etsai handienetako bat?
Bai. Taldearen eta langileriaren interesekin bat datozen erabakiak hartzen dituzten enpresak dira distira egiteko eta indartuta ateratzeko aukera gehien dituztenak. Helburu partekatu horri zentzua eransten badiogu, enpresa ahaldun bihurtzen dira. Izan ere, gaur egun bizi dugun egoerak, erabakiak etengabe hartzeko abiadurari gehituta, enpresaren benetako helburuarekiko bat ez datozen erabakiak hartzeko arriskua handitzen du.
--> Elkarrizketa osoa irakurri
"Lehiakortasunak zuzenean eragiten du absentismoan"
IÑIGO GARATXENA On-Salus enpresako kidea
Absentismoaz baino gehiago, ausentzien kudeaketaz egingo du berba On-Salus enpresako Garatxenak.
Zergatik ez dira joaten langileak lanera?
Hiru dira arrazoi nagusiak: langilea gaixo egotea, zaindu beharreko bateren bat gaixo egotea edo enpresa gaixo egotea.
Eta ohikoa da enpresa gaixo egotea?
Bai. Tamainaz edo egiten duen aktibitateaz harago, edozein enpresa egon daiteke gaixo. Eta horren atzetik dator langileen ausentzia. Enpresaren lan giroa neurtzeko termometro bat da faktore hori.
--> Elkarrizketa osoa irakurri
"Talde-teknika asko daude loa aktibatzen ikasteko"
NORBERTO GOMEZ Teknodidakta
Atseden on eta egokiaren bidez lan erosoagoa eta azkarragoa egiten duten langileak eduki ditzakete enpresek.
Estres handiegiarekin bizi gara, eta eguneko orduak luzatu eta lo orduak kentzen ditugu. Hori ez da ona.
Loa funtsezkoa da, eta nola baloratu loaren kalitatea? Ohera joaten garenean, lo hartzea kostatzen bazaigu eta behin lo hartuta lo hori laburra edo oso azalekoa bada, gauaren erdian esnatuko gara eta ez dugu lo gehiago egingo. Hori astean hiru aldiz gertatzen bazaigu azken hiru hilabeteetan, lo-arazoak ditugu, eta horrek osasunari eta, batez ere, arlo psikologiari eragiten dio. Nik osasunaren esparrutik hitz egingo dut. Baina lan-kasuak ere aztertuko ditut. Gaueko txandan lan egiten duten langileei erritmo zirkadianoa apurtzen zaie. Arazo horri nola heldu aztertuko dut.
"Garbi daukagu: gure ustez, portaerak dira toxikoak"
NEREA LIZARRAGA MU lidergoa eta 'Coaching'-a
Zertan datza coach baten figura?
Ikasketa prozesu batean murgilduta dagoen pertsonaren bidelaguna da. Guk horrela ulertzen dugu.
Enpresek gero eta gehiago jotzen dute coach bila?
Nik esango nuke baietz. Enpresek badute gogoa barruko lan giroa hobetzeko, eta hori lortu ahal izateko laguntza behar izaten dute. Mota guztietako enpresak datoz gurera. Ez bakarrik ezagutzen ditugun enpresa eredu produktiboak. Edozein antolakuntzatakoak.