Nieves Barahona: "Agresibitatea oso errotuta daukagu"

Mireia Bikuña 2022ko mai. 3a, 09:55

(Argazkia: Nekane Muñoz)

Biolentziaren kultura eta agresibitatea erakundeetan izango da lehen hitzaldiaren gaia. In Group enpresako Nieves Barahonak egingo du berba.

Zertaz ari gara hori diogunean?

Agresibitatea oso errotuta dago gure egunerokotasunean. Nik landuko dut jendearekin erlazionatzeko eta komunikatzeko askotan erabiltzen den agresibitatea. Besteekin hartu-emana egiteko ez baditugu mezu positiboak erabiltzen, min handia egin dezakegu. Hortaz, gatazka horiei nola aurre egin eta komunikazio integratiboa nola erabili landuko dut.

Ohikoa da, beraz, agresibitatea enpresetan.

Bai, baina ez bakarrik enpresetan. Gaizki ulertzeak, enpatia falta, besteekiko epaiketak... Ez dugu entzute aktiboa erabiltzen, eta horren ondorioz dator agresibitatea. Gatazka handitzen joan aurretik jakin behar dugu nola heldu garen egoera horretara, eta zein tresna erabil ditzakegun arazoa konpontzeko.

Zer egon daiteke halako portaera baten atzean?

Nork bere burua ondo ez ezagutzea dago. Hau da, gatazka baten aurrean ze abilezia positibo ditugun jakin beharko genuke, baina, era berean, zeintzuk diren hobetzeko ditugun arloak: hitz egiteko modua, elkar ulertzeko abilezia... Horiek guztiak landuta eta garatuta errazago kudeatu ahal izango ditugu gatazkak.

"Gainerako guztiak lortzeko lehen urratsa konfiantza lortzea da"

Gatazka girotik bake girora egitea posible dela erakusteko lau pauso proposatuko dituzu.

Marshall Rosenbergek badauka Komunikazio ez bortitzaren teoria, eta hor planteatutako urratsak egingo ditut. Hasteko, esku artean daukagun egoera ondo aztertu behar dugu, baina gure iritzirik sartu gabe, eta ostean, gure sentimenduak zeintzuk diren kontatu. Hirugarrena litzateke gure beharrak azaleratzea, eta, azkenik, eskaera bat egin, egoerari irtenbidea emateko.

Ze garrantzi dauka konfiantzak pauso horiek ematerakoan?

Kudeaketa on baterako ezinbestekoa da. Gainerako guztiak lortzeko lehen urratsa da konfiantzarena. Liderrek lan handia daukate zeregin horretan, eta, horren jakitun, enpresek inbertsioak egiten dituzte, pertsonak prestatzeko, tresnak bilatzeko... Borondate ona ez da nahikoa. Eta langilea eroso eta gustura badago, produktibitatea handitu egingo da eta emaitza hobeak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak