Zertan datza coach baten figura?
Ikasketa prozesu batean murgilduta dagoen pertsonaren bidelaguna da. Guk horrela ulertzen dugu.
Enpresek gero eta gehiago jotzen dute coach bila?
Nik esango nuke baietz. Enpresek badute gogoa barruko lan giroa hobetzeko, eta hori lortu ahal izateko laguntza behar izaten dute. Mota guztietako enpresak datoz gurera. Ez bakarrik ezagutzen ditugun enpresa eredu produktiboak. Edozein antolakuntzatakoak.
Portaera toxikoak gainditzen laguntzen duzue. Portaera toxiko bat da, adibidez...
Asko egon daitezke, baina gure sisteman errotuta daude lau, bereziki: besteari errua botatzea, nork bere burua defendatzea, mespretxua eta bakartzea. Lau horiek oso presente ditugu, eta horietan jartzen dugu fokua.
Portaerak dira toxikoak, edo pertsonak?
Zaila da horri erantzutea. Eztabaida konplikatua da. Gure ustez, portaerak dira toxikoak. Garbi daukagu. Baina pertsonak gara portaera toxikoak ditugunak. Beste kontu bat da jakitea zer dagoen portaera toxiko horren atzean.
"Soluzioak topatzeko aukerak handitzen ditu atzean dagoena ezagutzeak"
Eta zer egon daiteke horien atzean?
Bereziki, bi azpimarratuko nituzke: alde batetik, izan daiteke esperientzia txar bat bizi izatetik datorren pertsona izatea, eta ikasi du modu batera aurre egiten egoera horri. Alegia, bizirauten ikasi du. Arazoa dator pertsona hori beste leku batera joaten denean. Uste du han ere izango duela esperientzia txarren bat. Beste alde batetik, talde batean portaera toxikoren bat dagoenean, zerbaiten seinale izaten da. Hortaz, talde horretan badago ondo ez doan zerbait. Zerbaitek taldearen ongizatea baldintzatzen du, eta hori aztertu egin behar da.
Nola egin dakieke aurre portaera horiei?
Atzean dagoena ezagutzeak aukera ematen digu soluzioa topatzeko. Izan daiteke beldurra, botere falta... Kontziente izatea oso inportantea da. Ezagutzak aukera ematen digu ardura hartzeko eta irtenbidea topatzeko ahalegina egiteko.
Nola neurtzen dituzue zuek ematen duzuen zerbitzuaren emaitzak?
Ez da erraza emaitzak neurtzea. Guk emozioekin jokatzen dugu, eta emozioak neurtzea ez da erraza izaten.