Zergatik ez dira joaten langileak lanera?
Hiru dira arrazoi nagusiak: langilea gaixo egotea, zaindu beharreko bateren bat gaixo egotea edo enpresa gaixo egotea.
Eta ohikoa da enpresa gaixo egotea?
Bai. Tamainaz edo egiten duen aktibitateaz harago, edozein enpresa egon daiteke gaixo. Eta horren atzetik dator langileen ausentzia. Enpresaren lan giroa neurtzeko termometro bat da faktore hori.
Eta zein da horren guztiorren inpaktua?
Hasteko, ekonomikoki ze eragin duen aztertzen da. Zenbat diru balio duen horrek. Ostean, bajen atzean dauden arrazoiak aztertu behar dira. Zergatik ez dira joaten langileak lanera? Eta, azkenik, egoeraren kudeaketa egiten da, protokolo bat zehaztuz. Enpresako sistemak entzun eta enpresak zer behar duten jakiteko, erdi-mailako arduradunek eta langileek belarriak prest eduki behar dituzte. Erdi-mailako arduradunak dira langileengandik gertuen daudenak, eta haien gaineko informazio gehien dutenak.
"Zergatik ez dira lanera joaten? Bajen atzeko arrazoiak aztertu behar dira"
Eta norainokoa da inpaktu ekonomikoa?
Lehiakortasuna arazo handia da, eta nolako estimazio soziala duen aztertu behar da. Absentismoa diru asko kostatzen zaie enpresei. Beste leku batzuetako datuekin alderatuta, gurean dagoen absentismo kopurua oso altua da. Eta horretan zeresan zuzena du lehiakortasunak.
Kasu praktikoren bat azalduko zenuke?
Absentismoaren ostean, lanera itzultzen den langilearekin martxan ipintzen den Itzulera Protokoloaren baitan, elkarrizketa egiten zaio: baja nola joan den, zergatik egon den lan egin barik, nolako giroa ikusten duen enpresan... Horren ostean, absentismo kasuak %30 jaisten dira.
Ze mezu bidaliko zenieke enpresei gai honen gainean?
Esango nieke teknikoki oso onak diren langileak kontratatzen dituztela, baina bestelako formakuntzarako inbertsioak egin beharko lituzketela: komunikazioa landu, taldean lan egitearen garrantzia azpimarratu... Ongizatea bermatzeko ezinbestekoak dira.