Gaur egun abangoardian dauden demokrazia eredu berriak izan dituzte aztergai Debagoieneko erakunde Arantzazulabek, Telesforo Monzon eLab-ek eta Mondragon Unibertsitateak elkarlanean antolatutako XXI. mendeko demokrazia eredu berriak: asanblada herritarrak eta demokrazia deliberatiboa jardunaldiek.
Jardunaldi horietan, nazioarteko esperientziak –Irlandako, Eskoziako eta Frantziako adituak– ezagutzera eman dituzte, Euskal Herrian gauzatu ahal diren prozesuetarako jakintza eskuratzeko. Izan ere, gaur egun, bi esperientzia garrantzitsu jarri dira martxan Euskal Herrian: Tolosako esperientzia eta Nafarroako klima asanblada.
"Gero eta gizarte indibidualistagoa gara, gero eta urrutiago gaude administrazioetatik eta politikatik, eta ebidentziak erakusten du herritarrek ikusten dutenean benetan parte hartzeak badaukala eragina, orduan ondo sentitzen dira, eta ikusten dute ekarpen bat egiten dutela", nabarmendu du Arantzazulab entitateko zuzendari Naiara Goiak.
Telesforo Monzon eLabeko zuzendari Urko Aiartzak erreminta hauen baliagarritasuna azpimarratu du: "Nondik gatozen jakin behar dugu, baina nora goazen ere bai. Etorkizunari begira, gako diren gaien inguruan Euskal Herriari ekarpenak egitea da asmoa, eta demokrazia deliberatiboa eta herritarren asanbladak interesgarriak dira horretarako".
"Gobernantza inklusiboagoa bilatzen dugu"
NAIARA GOIA Arantzazulab-eko zuzendari nagusia
Telesforo Monzon eLabekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera antolatu dituzue jardunaldiak. Zein izan da asmo nagusia?
Jarri nahi izan dugu azpimarra gobernantza eredu berrietan eta demokrazia eredu berrietan. Era berean, hiru entitateek lankidetzan abian jarri ditugun proiektu batzuetan gobernantza eredu berri horiek praktikara eramateko eta esperimentatzeko aukera izan da.
Gobernantza eta demokrazia mota berriak sustatzea da Arantzazulaben oinarrietako bat?
Gobernantzaren berrikuntzan jartzen dugu fokua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna eraikiz estrategiaren baitan. Erakundeen, gizartearen eta herritarren arteko gobernantza eredu berrien hausnarketa eta esperimentazioa bultzatu nahi dugu horrela. Iruditzen zaigu modu horretako kolaborazio berriak edo harremantzeko modu berriak artikulatu behar direla gizarte bezala ditugun erronka konplexuei aurre egiteko. Guretzako demokraziaren berrikuntza, beraz, gai zentrala da, eta hori ari gara lantzen bai ikuspuntu teorikotik, eta baita praktikara eramanez. Herritarrak ahalduntzeko eta erakundeak harremantzeko modu berri hauek ikusi eta ikertu nahi ditugu; azken finean, gobernantza inklusiboagoa sustatzeko. Gizarteari protagonismo handiagoa eman nahi diogu elkarrekin agenda publikoa eraikitzeko orduan.
--> Elkarrizketa osoa irakurri
"Metodo hauek gero eta baliagarriagoak dira"
ARANTXA MENDIHARAT Deliberativa elkarteko kidea
Demokrazia deliberatiboko prozesuak kudeatzen dituen Deliberativa elkarteko sortzailea da Arantxa Mendiharat. Gainera, FIDEko (Federation for Innovation in Democracy–Europe) kide ere bada senpertarra.
Zer egiten duzue Deliberativan?
Duela bi urte sortu genuen elkartea Yago Bermejo kideak eta biok. Azken finean, prozesu deliberatiboren bat martxan jarri nahi duten gobernuei aholkularitza eta laguntza eskaintzen diegu. Prozesu deliberatiboen barruan, asanblada herritarrak eta epaimahai herritarrak ere kontuan hartzen dira. Hau da, herritarrak parte diren edo inplikatuta dauden prozesu horiek. Asanblada edo batzar horien funtzionamendurako teknikak eta metodologiak garatzea ere da gure eginbeharra. Gero sortzen diren lantalde horiek gobernuek egiten dizkieten galdera horiek erantzuteko gai izatea da gure helburua.
--> Elkarrizketa osoa irakurri
"Baliagarriak dira Irlandako eta Eskoziako esperientziak"
URKO AIARTZA Telesforo Monzon eLab-eko zuzendaria
Jardunaldiak elkarlanean antolatzeaz gain, Telesforo Monzon eLaben helburuetako bat bada demokrazia eredu berrien inguruan hausnartzea?
Laborategian iaz hasi ginen gai hori lantzen. Demokrazia eredu berriak, demokrazia parte- hartzaileak eta herritarren asanbladak, batez ere, klima aldaketarekin lotu nahian ekin genion honi, hain zuzen ere. Ikusten genuen beste leku batzuetan ere gertatzen ari direla klima aldaketaren inguruan galdera edo kezka handiak, eztabaidatzekoak, eta behar dutenak ezinbestean deliberazio edo hausnarketa bat. Ohiko politika moduek ez dute bide ematen horrelako eztabaida batzuk herritarren artean izatea, horrelako gaiek, askotan, eskatzen dutelako ezagutza handia. Badaude, gainera, gizartearen kezka diren gai batzuk. Horregatik, kanpoan egiten ari diren herritar asanbladen esperientziak Euskal Herrira ekartzea oso interesgarria dela uste dugu, eta horregatik antolatu ditugu jardunaldiak.
--> Elkarrizketa osoa irakurri
"Askotariko ikuspegien inklusioa du helburu"
OIER IMAZ Lanki kooperatibismo ikertegiko kidea
Demokrazia ulertzeko eredu berriak aztertzen ibili da Mondragon Unibertsitateko Huheziko irakasle eta Lankiko ikertzaile Oier Imaz. Eredu horiek kooperatiben arlora nora ekarri daitezkeen ere aztertu du Imazek.
Demokrazia deliberatiboaren gaineko marko teorikoaren inguruan jardun duzu jardunaldietan, ezta?
Nire jarduna izan da nolabaiteko marko teorikoa ezartzea jardunaldian. Egunean zehar eredu deliberatiboa hainbat eremutan praktikan jartzen duten iniziatibak aztertzeko aukera izan genuen. Teoriaren ikuspegitik, iniziatiba hauek amankomunean dutena aztertu dut nik. Deliberazioa demokrazia eredu zehatz bat da, ezaugarri batzuk dituena, testuinguru batean proposatzen dena. Ez da edozertarako balio duen kontzeptu bat, ez da edozelan tiratu daitekeen txikle bat.
"Herritarren batzarra legeztatu dugu Nafarroan"
ADOLFO ARAIZ EH Bilduren bozeramailea Nafarroako Parlamentuan
Zer da Nafarroako klima asanblada?
Duela gutxi argitaratu du Nafarroako Parlamentuak aldaketa klimatikorako eta trantsizio energetikorako foru legea, eta bertan, eztabaida sakona izan zen herritarren parte-hartzea nola jaso genezakeen edota zein bide egon zitezkeen horretarako. EH Bildutik emendakin bat aurkeztu genuen, hain zuzen ere, Nafarroako herritarren batzarra proposatuz, ikusita nazioartean martxan dauden esperientziak. Onartu egin zen emendakina, eta horrelako zehaztapenekin, Estatu mailan dagoen lehen legea da. Beraz, oso pozik gaude, eta espero dugu hemendik aurrera borondate politikoa egotea martxan jartzeko eta lehenbiziko Nafarroako klima aldaketaren herritarren batzarra sortzeko.