Oier Imaz: "Askotariko ikuspegien inklusioa du helburu"

Jon Irizar Aranguren 2022ko api. 12a, 15:57

(Argazkia: Oier Imaz)

Demokrazia ulertzeko eredu berriak aztertzen ibili da Mondragon Unibertsitateko Huheziko irakasle eta Lankiko ikertzaile Oier Imaz. Eredu horiek kooperatiben arlora nora ekarri daitezkeen ere aztertu du Imazek.

Demokrazia deliberatiboaren gaineko marko teorikoaren inguruan jardun duzu jardunaldietan, ezta?

Nire jarduna izan da nolabaiteko marko teorikoa ezartzea jardunaldian. Egunean zehar eredu deliberatiboa hainbat eremutan praktikan jartzen duten iniziatibak aztertzeko aukera izan genuen. Teoriaren ikuspegitik, iniziatiba hauek amankomunean dutena aztertu dut nik. Deliberazioa demokrazia eredu zehatz bat da, ezaugarri batzuk dituena, testuinguru batean proposatzen dena. Ez da edozertarako balio duen kontzeptu bat, ez da edozelan tiratu daitekeen txikle bat.

Zeintzuk dira eredu honen ezaugarri zehatz horiek?

Ordezkagarritasunaren logika gainditu nahi du eredu honek, eta auzi baten inguruan dauden ikuspegien inklusioari ematen dio garrantzia. Hau da, auzi baten inguruko ikuspegien aniztasuna lortzea du helburu. Beraz, eztabaida prozesuan parte hartu behar dute zerbait esateko dutenek gai zehatz horren inguruan. Bestalde, botoaren momentuari baino gehiago, botoaren aurre- eztabaidari erreparatzen zaio. Askotariko ikuspegiak ekarri nahi ditugu, eta horiek kontrajarri, hurbilpen bat sustatu. Idealki, adostasun batean amaituko litzateke, botoari erreparatu barik. Beste ezaugarri bat da oso plurala dela. Testuinguru partikular batean proposatzen da, baina gaur egun eredu inspiratzaile bilakatu da demokraziaren inguruko eztabaida gauza askotan. Erabiltzen da aurrekontu parte-hartzaileen eraketarako, haurren kontseiluen diseinurako udaletan, klima aldaketa foroetan eta halako erronka handien inguruko gaietan. Azken ezaugarri nagusia da parte-hartzearekiko sentsibilitate handia duela. Dauden mekanismoekin alderatuz, saiatzen da parte- hartze eskemak irekitzen.

"Kooperatiben gobernantzan baliagarria izan daiteke eredu deliberatiboa"

Lanki kooperatibismoaren ikertegian gobernantza eredu berrien inguruko gogoeta egiten ari zarete?

Momentu honetan, Lankin gobernantza kooperatiboa aztertzen dut, eta badugu oraindik erantzunik ez duena galdera bat. Intuizioa dugu eredu deliberatiboak hainbat pista baliagarri ematen dituela gobernantza kooperatiboan egun izaten diren hainbat arazori erantzuna emateko. Adibidez, tamainarena. Kooperatibak gero eta handiagoak dira, eta mekanismo errepresentatiboak haien mugak dauzkate, batzar bidez eta ordezkaritzaren bitartez. Horregatik, uste dugu eredu deliberatiboak eskaintzen dituela elkarrizketa hori erraztu ahal izateko bitarteko mekanismoak.

Kooperatibismoaren inguruko ikerketetan murgilduta, nondik datorkizu demokrazia deliberatiboaren inguruko interesa?

Nik, berez, nire doktore-tesitik dakardan gaia da; batez ere, deliberazioaren inguruko interesa. Bertan aztertu nituen, beste auzi batzuekin lotuta, eta identitatearekin lotuta, pare bat iniziatiba: bat Euskal Herrikoa eta beste bat Bruselakoa. Baina interesa lehenagotik datorkit.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak