Arantxa Mendiharat: "Metodo hauek gero eta baliagarriagoak dira"

Jon Irizar Aranguren 2022ko api. 12a, 15:39

(Argazkia: Arantxa Mendiharat)

Demokrazia deliberatiboko prozesuak kudeatzen dituen Deliberativa elkarteko sortzailea da Arantxa Mendiharat. Gainera, FIDEko (Federation for Innovation in Democracy–Europe) kide ere bada senpertarra.

Zer egiten duzue Deliberativan?

Duela bi urte sortu genuen elkartea Yago Bermejo kideak eta biok. Gaur egun, Madrilen dugu egoitza nagusia, eta, azken finean, prozesu deliberatiboren bat martxan jarri nahi duten gobernuei aholkularitza eta laguntza eskaintzen diegu. Prozesu deliberatiboen barruan, asanblada herritarrak eta epaimahai herritarrak ere kontuan hartzen dira. Hau da, herritarrak parte diren edo inplikatuta dauden prozesu horiek. Asanblada edo batzar horien funtzionamendurako teknikak eta metodologiak garatzea ere da gure eginbeharra. Gero sortzen diren lantalde horiek gobernuek egiten dizkieten galdera horiek erantzuteko gai izatea da gure helburua.

Demokrazia deliberatiboa sustatzea ere bada zuen helburua. Nondik dator metodologia hori?

Lehenengo epaimahai herritarrak duela mende erdi inguru urte sortu ziren, demokrazia deliberatibo metodologiarekin. Alemaniaren eta Ameriketako Estatu Batuen artean sortu zituzten, 70eko hamarkada hasieran. Hala ere, metodologia horiek boom izugarria bizi izaten ari dira azken hamar-hamabost urte hauetan. Hasieran, herrialde anglosaxoietan izan zuten eragin handia, baina gerora, mundu osoko hainbat herrialdetara zabaldu dira. Azkenean, gizartean dagoen kezka bati erantzutera etorri dira metodologia hauek: fake news-ak, politikariengan konfiantzaren galera, inplikazio falta... Horregatik, demokraziarako metodo hauek gero eta baliagarriagoak dira gizartearendako.

"Demokraziao deliberatiboaren metodologia 'boom' bat bizi izaten ari da"

Oraindik, baina, ez dago adibide praktiko askorik, ala?

Adibide asko daude. Asanblada herritar hauetan lantzen dena, normalean, epe luzerako arazo gatazkatsuak izaten dira. Gure ustez, horrelako dinamikarik gabe, konpontzeko zailagoak izango lirateke. Adibide ezagunena, agian, Irlandako abortuaren legearena izango litzateke. 99 herritarrek osaturiko asanblada batek Gobernuari gomendioak eman zizkien, eta Irlandako Gobernuak erreferenduma abiatu zuen. Beti ez da egoten harreman hain zuzena gomendioaren eta akzio politikoaren artean, baina mota hauetako asanblada herritarrak hoberen funtzionatzen dutenak direla argi ikusi dugu. 2004an egin zen lehen asanblada herritarra, Kanadan, eta, kasu hartan, hauteskunde sistemarekin zerikusia izan zuen. Galdera batzuei erantzun behar izan zien asanbladak, eta gero, erreferenduma abian jarri zuen Gobernuak. Gutxienez, %70eko gehiengoa egotea eskatu zuen Kanadako Gobernuak, eta ez zen aurrera atera, %59k eman zuen-eta baiezkoa. Hau da, asanbladak gomendioak eman ditzake, baina gero, aplikazioa erreferendum edo gobernuen erabakiekin balioztatu edo atzera botatzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak