Telesforo Monzon eLabekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera antolatu dituzue jardunaldiak. Zein izan da asmo nagusia?
Jarri nahi izan dugu azpimarra gobernantza eredu berrietan eta demokrazia eredu berrietan. Era berean, hiru entitateek lankidetzan abian jarri ditugun proiektu batzuetan gobernantza eredu berri horiek praktikara eramateko eta esperimentatzeko aukera izan da.
Gobernantza eta demokrazia mota berriak sustatzea da Arantzazulaben oinarrietako bat?
Gobernantzaren berrikuntzan jartzen dugu fokua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna eraikiz estrategiaren baitan. Erakundeen, gizartearen eta herritarren arteko gobernantza eredu berrien hausnarketa eta esperimentazioa bultzatu nahi dugu horrela. Iruditzen zaigu modu horretako kolaborazio berriak edo harremantzeko modu berriak artikulatu behar direla gizarte bezala ditugun erronka konplexuei aurre egiteko. Guretzako demokraziaren berrikuntza, beraz, gai zentrala da, eta hori ari gara lantzen bai ikuspuntu teorikotik, eta baita praktikara eramanez. Herritarrak ahalduntzeko eta erakundeak harremantzeko modu berri hauek ikusi eta ikertu nahi ditugu; azken finean, gobernantza inklusiboagoa sustatzeko. Gizarteari protagonismo handiagoa eman nahi diogu elkarrekin agenda publikoa eraikitzeko orduan.
"Tolosan prozesua abiatu dugu zaintza komunitarioaren eta ongizatearen inguruan"
Tolosan praktikara eramaten ari zarete horrelako esperientzia bat, ezta?
Tolosako Udalak aukeratutako erronka edo gai zehatz baten inguruan deliberazio prozesua abian jarri da, tolosarrak bertako agenda publikoan inplikatzeko. Egitasmo hau ELGArekin (Ekonomia Lankidetza eta Garapena) batera abian jarri dugu, haiek badutelako demokrazia deliberatiboan mundu mailako sarea. 2021 bukaeran hasi genuen prozesua; oso ondo egituratuta eta araututa, prozesu konplexua delako. Lehenengo seihilekoan, prozesua diseinatzen hasi gara; adibidez, galderaren lanketa. Urtearen bigarren zatian, deliberazio saioak egingo ditugu. 32 bat pertsonak parte hartuko dute, eta bospasei saio egingo dira. Gaia zaintza komunitarioaren eta ongizatearen inguruan lantzen ari gara, eta nola Udalak rol bat izan ahal duen zerbitzu sozialaz harago, gizartearen ongizaterako. Gaiarekin lotutako adituek ere hartuko dute parte, eta Tolosako eta inguruetako eragile sareak ere bai. 2023 hasieran gomendioak egongo dira, eta Udalaren konpromiso irmoa gomendio horiek agendan txertatzeko.
Horrelako prozesu gehiago abiatzeko asmorik baduzue?
Behin Tolosako prozesua amaituta, gainontzeko udaletara, erakundeetara eta erakunde sistemara hedatzeko, ezagutza hori sortu eta aukerak emango dira. Eskala txikian nahi dugu esperimentu hau hasi, udal mailan, baina gure helburua da deliberazio prozesu hauek gure herrian zabaltzea eta instituzionalizatzeko oinarriak eraikitzen hastea.