Zer da Nafarroako klima asanblada?
Duela gutxi argitaratu du Nafarroako Parlamentuak aldaketa klimatikorako eta trantsizio energetikorako foru legea, eta bertan, eztabaida sakona izan zen herritarren parte-hartzea nola jaso genezakeen edota zein bide egon zitezkeen horretarako. EH Bildutik emendakin bat aurkeztu genuen, hain zuzen ere, Nafarroako herritarren batzarra proposatuz, ikusita nazioartean martxan dauden esperientziak. Onartu egin zen emendakina, eta horrelako zehaztapenekin, Estatu mailan dagoen lehen legea da. Beraz, oso pozik gaude, eta espero dugu hemendik aurrera borondate politikoa egotea martxan jartzeko eta lehenbiziko Nafarroako klima aldaketaren herritarren batzarra sortzeko.
Nazioarteko esperientzietan oinarritu zarete, beraz?
Irlandako esperientzia eta, batez ere, Frantziako ereduak aztertu genituen. Frantzian nahiko araututa eta instituzionalizatuta dagoelako herritarren batzarra. Hasieran, Emmanuel Macron presidenteak esan zuen batzordeak ebatzi eta erabakiko zuena errespetatuko zuela, eta gero, atzera egin zuen puntu batzuetan. Suedian ere esperientzia berezia izan zen, herritarrek sortu zutelako asanblada eta gero instituzioetatik behartuta sentitu zirelako asanblada horrek proposatutakoa onartzera – Stockholmeko metroarekin lotura zuen–. Erresuma Batuan ere egon dira kontuan hartzeko moduko esperientziak, baina oso araututa egon direnak, eta, beraz, guretako baliagarriagoak izan direnak, Irlandakoa eta Frantziakoa izan dira.
"Nafarroan herritarren batzar bat eratzeko, nazioarteko saiakerak kontuan hartu ditugu"
Zer jasotzen du aurrera aterako duzuen legeak?
Estatu mailan duela urtebete onartu zen legean planteatzen zen Gobernuak osatuko zuela eta baita ere aukera ematen zitzaiela elkarte autonomiei zein toki entitateei haien esparruan horrelako ekimenak sortzeko. Hori ikusita, ikusi genuen interesgarria izango zela Nafarroan gauzatzea eta arautzea, ahalik eta modu zehaztuenean egiteko. Beraz, Nafarroako Gobernuak osatuko du, onartuko du eta bermatuko du herritarrek egitura horretan parte hartuko dutela. Hori PSNri, Geroa Bairi, Podemos-Ahal Duguri eta EH Bilduri esker onartu da, eta Navarra Sumak kontra bozkatu zuen. Beraz, foro bat sortuko da, eta herritarrak zozketa estratifikatu bidez –aldagai soziodemografiko ezberdinak kontuan hartuta– aukeratuko direla zehaztu da. Gero, funtzionamenduaren aldetik, batzarrak gardentasuna, inpartzialtasuna... izan behar duela ere zehaztu da; eta oso interesgarria zen guretako zehaztea horrelako asanblada bati galdera zehatz bat egin behar zaiola, orokorkerietan ez jausteko. Eta batzarraren gobernantza tresnak ere onartu beharko dira, eta aditu independenteen kontsulta taldea izan beharko dute herritarrek. Horrelako prozesu batek hiru eta bost hilabeteren artean iraun behar duela ere zehaztu da.