"Baliagarriak dira Irlandako eta Eskoziako esperientziak"

Jon Irizar Aranguren 2022ko api. 12a, 15:49

(Argazkia: Urko Aiartza)

Jardunaldiak elkarlanean antolatzeaz gain, Telesforo Monzon eLaben helburuetako bat bada demokrazia eredu berrien inguruan hausnartzea?

Laborategian iaz hasi ginen gai hori lantzen. Demokrazia eredu berriak, demokrazia parte- hartzaileak eta herritarren asanbladak, batez ere, klima aldaketarekin lotu nahian ekin genion honi, hain zuzen ere. Ikusten genuen beste leku batzuetan ere gertatzen ari direla klima aldaketaren inguruan galdera edo kezka handiak, eztabaidatzekoak, eta behar dutenak ezinbestean deliberazio edo hausnarketa bat. Ohiko politika moduek ez dute bide ematen horrelako eztabaida batzuk herritarren artean izatea, horrelako gaiek, askotan, eskatzen dutelako ezagutza handia. Badaude, gainera, gizartearen kezka diren gai batzuk. Horregatik, kanpoan egiten ari diren herritar asanbladen esperientziak Euskal Herrira ekartzea oso interesgarria dela uste dugu, eta horregatik antolatu ditugu jardunaldiak.

Nazioartean izan diren esperientziak ezagutzera eman dituzue prozesu horiek hobeto ezagutzeko.

Atzerrian hainbat esperientzia izan dira, bai. Gure herriaren tamainagatik, uste genuen Eskozian eta Irlandan izan diren herri asanbladak hobeto ezagutzea egokia zela. Oso interesgarriak dira Euskal Herriarendako azken bi hauek, baina izan dira beste esperientzia batzuk; adibidez, Alemanian, Frantzian eta beste herrialde batzuetako eskualdeetan. Baina, guretako, interesgarriak izan dira Eskozia eta Irlandatik eman dizkiguten iritziak. Irlandako iritziak oso baikorrak, aberasgarriak eta positiboak izan dira arazo politiko sakonak konpontzeko; adibidez, abortuaren legea ondo bideratzeko. Herritarren gehiengoak gogoeta sakona egin zuen parte-hartze aktibo baten bidez. Irlandako esperientzia hark Parlamentuan legeak aldatu ahal izateko balio izan zuen. Eskoziaren kasuan, aldiz, gaiak eta horiek nola planteatzen diren asmatu behar dela azpimarratu digute. Gaiak oso modu zabalean planteatzen badira, eztabaidaren ondorioak ez dira argiak eta inplementatzeko ez dira errazak. Guri baliagarria izan zaigu ikusteko esperientzia bakoitzetik zer zaigun baliagarria eta zer ez Euskal Herrian erabiltzen hasteko.

"Asanblada herritarren proiektu pilotu bat eraiki nahian gaude Gipuzkoa mailan"

Euskal Herrian, izan ere, martxan daude hainbat proiektu gaur egun.

Arantzazulab-ek Tolosan inplementatu du esperientzia bat eta gu proiektu pilotu bat eraiki nahian gaude Gipuzkoa mailan, haiekin elkarlanean ere. Oraindik definitzen ari gara eta hausnarketa fasean dago. Ondoren, beste lerro garrantzitsua da Nafarroako klima asanblada. Hori dagoeneko jasota baitago eta dekretu bidez garatu beharko dute. Beraz, pixkanaka, bidea irekitzen ari da gai hau Euskal Herrian.

Gobernantza gaietan ere erreferente izatea da zuen helburuetako bat?

TM Laborategian arlo ezberdinak ditugu, eta gure misio edo ikuspegia hiru eremutan banatzen dugu: bat da gizarte ongizatea, beste bat globalizazioa eta bestea lurralde kohesioa. Ez bakarrik sei lurraldeen arteko kohesioa, baizik eta kohesio orokorra. Ongizateari begira ere horrelako erremintak funtsezkoak direla iruditzen zaigu, gure ildoetako bat badelako; Monzonek zioen bezala: "Gelditu gaitezen istant bat inguruetara begira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak