Garazi Larrea: "Epele irekitzeko ez dugu eskaera ofizialik jaso"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ots. 21a, 14:57

Debagoieneko Mankomunitateko presidenteorde Garazi Larreak esan du oraingoz ez dutela eskaera ofizialik jaso Epeleko hondakin industrial ez arriskutsuen zabortegia zabaltzeko. Eta gehitu du Epelera ezin dela eroan hondakin industrial arriskutsurik ezta amiantorik ere.

Epele gaur-gaurkoz ez da irekiko. Izan ere, 2018tik itxita dago, eta zabortegiarekin zer egin ez dute erabaki oraindik. Irekitzekotan, zein lan egin beharko liratekeen adierazi du Garazi Larrea Mankomunitateko lehendakariordeak, eta azpimarratu du ezinezkoa dela Epele hondakin arriskutsuak hartzeko egokitzea.

Jaurlaritzak, bestetik, Zaldibarrera bideratzen zen zaborra kanpora bidaltzea aztertzen ari dela jakinarazi zuen eguazten gauean, eta Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak esan du Jaurlaritza harremanetan dela beste zenbait autonomia erkidegorekin.

Arreta berezia Elgetan

Iraitz Lazkano Elgetako alkatea, bestalde, krisi-mahaian parte hartzen ari da atzoz geroztik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bertan behera utzi zituen, atzo, Zaldibarko hondakindegiaren inguruko herrietan ezarritako behin-behineko neurriak, baina, handik bost ordura, berriro piztu da sua zabortegian. Elgetan ere neurri horiek, bertan behera utzi arren, zabortegitik gertuen dauden baserriekiko arreta berezia izango dutela adierazi gura izan du Iraitz Lazkanok. Izan ere, gaur izan da ke gehien izan duten eguna.

Horrekin batera, gaur, egubakoitza, kirol saioak eta Inauterietarako prestatutako ekintzak frontoian egingo dituzte Elgetan. Eskolako umeek egin behar zuten kalejira, aldiz, ez dute egingo, antolakuntza aldaketak ekiditearren.

Udalen eskaerak

Bergarako Udalak Eusko Jaurlaritzari eskaera egin dio, airearen dioxina eta furano mailen neurketak egiteko Bergaran ere. Era berean, adierazi du Udalak bere aldetik neurketa osagarriak egingo dituela.

Honekin batera, Eskoriatzako EH Bilduk eskatu dio Eskoriatzako Udalari airearen kalitatearen gaineko zenbait kezka argitzeko Eusko Jaurlaritzara hainbat galdera bideratuta. Arrasaten ere, Arrasateko airearen kalitatea neurtzeko eskatu dio EH Bilduk alkateari.

Erlazionatuak

Epele zabaldu edo ez, erabakitzeke oraindik

Miren Arregi Amasorrain 2020 ots 21 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak