Aloña Mendi eta Antzuolako mutilen derbia bikain hasi da oñatiarren intereserako, izan ere, bigarren minutuan Aritz Garmendiak bi erremateren ostean gola egitea lortu du; Ibai Morenok kornerrera azkar atera dio Endika Ruizi, Ruizek erdiratu, Garmendiak buruz errematatu, Jon Iturbe atezainak gelditu, baina aldaratzean barrura sartu da baloia. Horren ostean, Antzuolako mutilak hobeto kokatu dira zelaian eta jokoaren kontrola lortu dute. 14. minutuan esaterako, antzuolarrek jaurtiketa garrantzitsua egin dute Aloñakoen atera baina Julen Agirre atezainak gelditzea lortu du. Antzuolakoen kontrol eta nagusitasun horren ostean iritsi da Oinatz Agirreren gola, buruz, atearen aho-ahoan berdinketaren gola lortu du.
Antzuolarren minuturik onenak zirenean, Estebanez epaileak euren area ertzean Aloñakoen aldeko falta adierazi du eta Iker Olaldek jaurtiketa borobil baten bidez, hesia gainditu eta 2 eta 1eko lortu du.
Azpimarratzekoa 35. minutuan Joseba Irizarrek izan duen aukera, Aritz Garmendiaren erdiratzea baliatuz 3 eta 1ekoa lortzear egon baita. Lehen zati horretako azken minutuan antzuolarrek ere berdintzeko aukera izan dute, baina Julen Agirrek, geldiketa bikaina eginez, gola saihestu du.
Lehenengo zatia, beraz, borrokatua izan da, aukera gutxikoa eta estrategia jokaldietan iritsi dira golak.
Bigarren zatia
Bigarren zatian baloiaren kontrola txandakatuz joan da, nahiz antzuolarrek baloiaren jabetza handiagoa izan duten. Antzuolarrak estrategia jokaldietan (alboko paseak, faltak, kornerrak…) Julen Agirreren atera hurbildu badira ere, ez da aukera garbi-garbirik izan ez area batean, ez bestean.
Partida txantxikuarren garaipenarekin bukatuko zela zirudienean, 93. minutuan iritsi da gol erabakigarria. Julen Aranbarrik Aloñakoen atezainak aldendutako baloia hartu eta izugarrizko jaurtiketarekin 2 eta 2koa lortu du. Gol horrek oñatiarren bolada ona hautsi du eta azken minutura arte intentsitate handia izan da bai zelaian, eta baita harmailetan ere.