Nahiz eta partidu bikainik ez zen izan, Pablo Gartzia entrenatzailea pozik zegoen partidua eta denboraldia bukatzerakoan. Norgehiagoka bera "zaila" izan zela esan zigun: "Guk ez genuen ezer jokoan, orain dela hiruzpalau jardunaldi bukatu zen liga guretako, salbatuta eta gora begira ezer egiteko aukerarik gabe. Romo ez da ekipo txarra, baina asko kostatu zaigu gure intentsitatea barneratzea eta hobeak garela kantxan azaltzea".
Hala ere, irabazten hasi ziren arrasatearrak eta horrela joan ziren atsedenaldira. Baina partidua tentsio handikoa zen eta horren zama igarri zuten: "Romok jaistea zuen jokoan eta gu euren jokoan sartu gara; horrek kalte egin digu", baloratzen zuen.
Epaileak egindako lana ere ez zitzaion askorik gustatu: "Epailea Madrildik etorri da eta haiek beste modu batera epaitzen dute, eta uste dut guri kalte egin digula, baina bueno".
Kontuak kontu, bigarren zati oso berdindu baten ondoren, penalti bati esker irabazteko aukera izan zuen Ford Mugarrik, baina huts egin zuen eta horrela bukatu zen norgehiagoka.
Denboraldi ona
Edozein modutan, taldeak egindako lanarekin gustura azaldu zen entrenatzailea, eta partiduan erakutsitako kualitateak azpimarratu zituen: "Oso lan ona egin dugu bai defentsan bai erasoan; aukera asko izan ditugu, oso garbiak, baina ez gara gola egiteko gauza izan".
Lanak ondo eginda, deskantsatu ondoren datorren denboraldirako prestatzen hasiko dira.