Sanmigelei ekiteko gertu daude aretxabaletarrak

Mirari Altube Arrese 2024ko ira. 27a, 09:15

Beinke-Loramendi dantza entsegua egubakoitz iluntzean.

Demetrio eta Rita erraldoiek emango diete hasiera jaiei gaur, gaiteroak lagun hartuta egingo duten kalejirarekin; egun nagusia, baina, bihar izango da, azoka, herri bazkaria eta Beinke-Loramendi dantza protagonista direla.

Iritsi dira sanmigelak eta herritarrak jai giroan murgiltzeko gertu daude. Buruhandien eta erraldoien konpartsak emango die hasiera eta horien izenak dagoeneko hautatu dituzte herritarrek: Demetrio –Oñatin jaio eta Aretxabaletan bizi izan zen Demetrio Iriarte txistulari eta konposatzaile handiari aitortza eginez– eta Rita –Aretxabaletako Arratabe jauregian jauntxoen hirukiak edoskitzen ibili ziren hiru inudeen omenez–. 

Ilunkeran kantu afaria izango da eta 500 lagun elkartuko dira pilotalekuan. Bihar, ostera, azokaren bueltako euskal giroa gailenduko da kaleetan eta domekan jarraipena izango du horrek, doke txapelketarekin eta herri kirolen erakustaldiarekin, Aretxabaleta Abesbatzaren Katiuska emanaldiarekin bukatzeko.

Gazte Mugimenduaren egitaraua

Udalak herriko hainbat eragilerekin batera antolatutako egitarauari Gazte Mugimenduak lotutako ekintzak batu behar zaizkio. Aurten ere Durana kaleko udaletxe zaharrean izango dute kokalekua eta txosna irekita izango da gaur 18:00etatik aurrera. Presoen aldeko elkarretaratzerako dei egin dute 19:00etarako, eta ondoren kontzertuei ekingo diete; hasiberriak diren Glutenbakuak eta urteetako eskarmentua duten Bixentak taldeak izango dira oholtzan, biak ala biak Aretxabaletakoak.

Zapatu eguerdian zabalduko dute berriro txosna, eta gero elkartasun bazkarian batuko dira pilotalekuan. Iluntzerako Burrunbazale txaranga gonbidatu dute kaleak girotzeko, eta gauerako pintxada tematikoa iragarri dute.

La Txamaren kontzertua

Musikak ez du etenik izango egubakoitzean; izan ere, aurtengo berritasunetako bat da La Txamaren kontzertua. Herririk herri dabilen Donostiako taldeak Mexikon jaiotako korrido tumbado estiloa, doinu dantzagarriak eta umorea ekarriko ditu lagun Mitarte kalea betetzeko.

Zapatu arratsaldeko batukada ere berritasuna da; Reperkusion Feminista taldeak danbor hotsak eta aldarrikapen feministak aterako ditu kalera, jaiak ez dezan etenik izan.

Dokean sei talde

Biharamunik ez dutenak doke txapelketa jokatzeko elkartuko dira domeka goizean. Basotxo erretiratuen elkarteak antolatuta, beste urte batez, harekin batera elkartuko dira Aratz, UDA, Udala, Totoro eta Loramendi taldeak. Norgehiagoka estua aurreikusi dute aurten ere, garrantzitsuena horren bueltan sortzen den giroa izanik.

Nerabeentzako ekintzak

Nerabeei bideratutako ekintzei ere egin diete lekua egitarauan. Gaur, disko-festa –pintxada kolektiboa– izango dute Atxagazte gazlekuan. Bihar, zapatua, batetik, Laser tag eta Bubble balls jolasean jardungo dute Ibarra kiroldegi pareko zelaian; eta bestetik, bola txapelketa izango dute bolatokian, 17:30ean hasita.

Gune Morea

Beste jai guztietan legez, oraingoan ere "inolako erasorik gabeko jaiak" aldarrikatu ditu Udaleko Berdintasun Sailak. Dena den, erasoak salatzeko eta zalantzak argitzeko Gune Morea izango da irailaren 28an, 19:00etatik 01:00ak bitartean, Mitarte kalearen bukaeran –botika zaharra–, Xelebreak Aniztasunaren eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak