Gluten barik, baina musika gozoz gainezka

Mirari Altube Arrese 2024ko ira. 27a, 11:10

Julene Sarabia, Maialen Arrizabalaga eta Miren Antxia, andramaixetan, GuGeu taldearen txosnagunean. (Argazkia: Glutenbakuak)

Glutenbakuak hirukoteak andramaixetan jo zuen estreinakoz; orduan bizitakoarekin pozik eta Txarapeako jaietatik pasatu ondoren, sanmigeletan laukote bihurtuta eta erritmo handiagoarekin datoz, herritarrak dantzan jartzeko gogotsu.

Lagunartean, txantxa giroan, sortutako ideiari forma eman eta andramaixetan jendaurrean aurkeztu zuten Glutenbakuak proiektua. Maialen Arrizabalaga (ahotsa) eta Miren Antxia (gitarra) zeuden horren atzean, eta Julene Sarabia (gitarra eta ahotsa) batu zitzaien, taldea indartze aldera. "Urduritasunez gogoratzen dugu emanaldi hura; harritu egin gintuen hainbeste jende ikusteak, eta oso harrera beroa egin ziguten". Orduan bizitakoak animatuta, Txarapeako jaiak etorri ziren gero, eta orain, sanmigelak. Gaur, egubakoitza, udaletxe zaharraren bueltan izango dira, 19:30ean, Gazte Mugimenduak gonbidatuta.

Gitarrekin batera perkusioa

Hirukotea laukote izatera pasatuko da: gitarren artean perkusioari ere lekua egingo diote: "Gure musika lasaia da, eta, jendea dantzan jartze aldera, perkusioa sartzea erabaki dugu. Izan ere, gure proiektua erritmo handiagoarekin irudikatzen dugu". Oihane Iturbe lagun eta herrikidearekin akordatu, eta harengana jo dute: "Panderoa soilik jo du orain arte, baina kaxoia jotzeko ere gaitasun ederra dauka. Gogo biziz eta indartsu dator".

Horregatik, pozik eta motibatuta daude gaurko emanaldirako: "Kontzertu ezberdina egitea pentsatu dugu, zerbait berria eta polita; ea nola irteten den…". Inguru guztia jendez betetzea da erronka, iaz Kaparrak taldeak egindako moduan.

Zeliakoen eta emakumeen alde

Glutenik ez izan arren eta doinu lasaietan jardun, saltseroak direla onartu dute, nahiz eta estiloari etiketarik jartzen ausartu ez: "Musika estiloari baino garrantzi handiagoa ematen diogu transmititu dezakegun mezuari. Zeliakoen aldeko aldarria egiteaz gain, Miren zeliakoa delako, emakumeek oholtzan presentzia behar dutela zabaldu nahi dugu. Horregatik, musikatik harantzago doa gure estiloa".

Inguruko taldeak dituzte erreferente: Virgin Mari, Txerrikumeak, Kaparrak, J&B, Añube eta Neomak, esaterako. Aurrera begira abesti propioak sortu gura badituzte ere, oraingoz bertsio ezagunak abestuta gustura dihardute: "Guztiok elkartzeko ere nahikoa lan izaten dugulako". Horregatik, entseatzeko leku bat topatzea da helburua orain, "eta gero gerokoak". Dena den hasiak dira proiektuaren hurrengo pausoetan pentsatzen: "Zerbait martxosoagoa egitea nahi dugu, jai eta dantza giroan ondo pasatzeko zerbait…".

Hirukotea entseatzen.

Lehen pausoak ematen dabilen taldeko kideak euren proiektuan sinistu duten guztiekin akordatu dira, eta eskerrak eman gura dizkiete, bereziki, adiskideei, senideei eta era batera edo bestera laguntza eman dietenei: "Eskerrak gugan sinistu duten horiei guztiei eta laguntzen aritu direnei. Uri-ri gure zuzendari izatearren; gure gurasoei gugan sinistearren; lagunei lehen lerroan egotearren; Josuri klase partikularrak ematearren; Olaia Benito artistari gure diseinu grafikoa egitearren; Txarapeako jai batzordeari, Gazte Mugimenduari eta GuGeu taldeari aukera bat ematearren; eta nola ez, Kaparrak, J&B, Iluminatizz taldeei lokalean lekutxo bat uztearren".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak