Aretxabaletako San Migel jaietako domekan Herriko Plazan izaten den herri kirolen saioak ez du hutsik egiten. Gustuko izan edo ez, bertaratzen diren kirolariek egiten duten erakustaldia ikusteko modukoa izaten da, eta aurten ere ikuskizuna ematen izango dira datozenak. Kirolari talde zabala batuko da Aretxabaletako plazan, eta erronka gogorrei egin beharko diete aurre.
Helburua, maila ematea
Herri kirolen hainbat diziplinatan aritzen diren kirolariak batuko dira irailaren 29an 13:00etan hasiko den erakustaldian, eta honako kirolari hauek hartuko dute parte: Aratz Mugerza, Irati Astondoa, Jesus Maria Mujika, Uxue Ansorregi, Jon Unanue Goenatxo eta Jose Martin Bustinza Olabarria Tubi. Lau aizkolari, harri-jasotzaile bat eta lasto-jasotzailea. Kirol guziek bezala, bere maila eskatzen dute herri kirolek, entrenamenduak eta konpromisoa, eta, beraz, atzeko lan guztia ateratzen saiatuko dira jendaurrean.
Egin beharreko probak
Egingo dituzte probei dagokienez, ariketa hauek egingo dituzte: aizkora, harrien altxaketa, trontzan sei ebaketa bikoteka, 25 kiloko txingekin sei itzuli eta hogei itzuli korrika. Horrekin batera, Jon Unanue Goenatxo-k harri handiekin altxaketak egingo ditu eta Jose Martin Bustinza Olabarria Tubi-k, berriz, Iparraldeko jokoak, fardo altxaketa eta orga jokoa –atzeko aldetik hartuz eta gurpilek lurra jo gabe, orgari birak emango dizkio.