Beinke-Loramendi dantza hogeita hamargarrenez plazan

Mirari Altube Arrese 2024ko ira. 23a, 11:10

Loramendi elkartearen urteurrenaren ondotik, dantzarena ere badator; 1994ko sanmigeletan aurkeztu eta dantzatu zuten estreinakoz, euskara elkartearen eta herriko ikastolaren batze prozesua irudikatzeko, eta ordutik ez du hutsik egin.

Herriko Plaza bete egingo da irailaren 28an, 19:00etan, Beinke-Loramendi dantza saiorako, azken urteetan gertatu den legez. Bi ilaratan banatuta eta zapiak airean hartuta, hogeita hamargarrenez irudikatuko dute euskara ardatz izandako bi elkarteren arteko batzea. Azken bi entseguak egunotan egingo dituzte, astelehenean –Kurtzebarri eskolako pistan– eta eguenean –Herriko Plazan–, 19:00etan; azken bi horietara derrigorrez joan beharko dute parte hartu gura dutenek, taldeak osatzeko eta lekua zehazteko. "Jende asko elkartuko gara. Belaunaldi aldaketa ere badator, gazte mordoa dabilelako entseguetan", adierazi du Lierni Zangituk, Loramendi elkarteko presidenteak.

Dantzatu eta abestu

Euskararen bueltan lanean diharduen Loramendi elkartearen guraso izan ziren, batetik, Beinke –zazpi urte lehenago eratutako kultur elkartea–; eta, bestetik, Loramendi ikastola –25 urteko ibilbidearekin 500 bazkide inguru zituena–. Euskararen erabilera sustatzea eta Aretxabaletako euskalgintza indartzea izan ziren batze horren helburuak. Eta elkarte berri haren sorrera Beinke-Loramendi dantzarekin irudikatu zuten, 1994ko irailean.

Beinke-Loramendi dantzaren estreinaldia, 1994an, Herriko Plazan.

Dantza bi ilaratan banatuta hasten da: batek Beinke irudikatzen du eta besteak, Loramendi. Eta gero, batu egiten dira, uztartzen diren bi bide irudikatuz, Loramendirekin gertatu zen moduan. Musika Jose Ramon Vitoria musikari arrasatearrak konposatu zuen eta dantza Aretxabaletako dantza taldeak prestatu; fandangoa, arin-arina eta balsa batu zituzten, besteak beste.

Kantuaren letraren egileak, ostera, Jon eta Aitor Sarasua eta Jon Iñaki Izarzelaia bertsolariak izan ziren. Hona hemen hori: Gerra ostian sasoi beltza, hizkuntziak be giro latza, ikastolekin sortu geuen esperantza / Eta heldu da gure aukera, barritu dogu gogo bera, geuk daroiagu gure lehena etorkizunera / Ikastolian ahalegina, euskaraz bizitzeko grina, kalian zabalduaz, eskolan egina / Aurrera goiaz ez gaz geldi, elkarte txiki bihotz haundi, mendixa barriz loratu arte, ekin Loramendi. Urteurrena gogoan, aurten, Aretxabaleta Abesbatzako hogeiren bat lagunek abestu egingo dute hori dantzarien ekitaldi bitartean.

Partitura, abestiaren letra eta dantzaren pausoak.

Zapiak eskuragai

Elkartea bera 30. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dabil abendua ezkero, eta, hori aitzakia hartuta, logo berria duten zapiak aterako dituzte. Horiek euskara elkartean eskuratu ahal izango dira sanmigelen aurretik eta egunean bertan talo-txosna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak