Zarzuelaren alde egin dute aurten Aretxabaleta Abesbatzako kideek sanmigeletan herritarren aurrean abesteko, eta Errusiako Iraultzan kokatutako amodiozko istorio bat aurkeztuko dute: Katiuska, errusiar emakumea. 1931n estreinatutako Pablo Sorozabalen obra liriko ezaguna beste hainbatetan ere abestu izan dute, 1995ean eta 2014an, esaterako, baina oraingoan antzezpenari ere ez diote uko egin, Angel Barandiaranen esanetan: "Aurrekoetan geldi abestu izan dugu, musikan jarrita arreta. Oraingoan bisualagoa izango da; antzezpena ez dakit, baina mugimendua egongo da. Eta arropa ere zainduko dugu; garaira egokitzen saiatzen gabiltza". Onartu du erronka handia dela: "Partiturarik gabe abestuko dugu eta".
Franzesena aita-semeak lagun
Katiuska neskatxaren eta Stakof koronelaren arteko amodio istorioa kontatuko du abesbatzak. Bakarlari lanetan hainbatek jardungo du: Mari Karmen Etxeandia izango da pertsonaia nagusia, Katiuska; Javier Lizarazu, Sergio printzea; Imanol Aizpurua, Pedro Stakof koronela; eta Maider Garai, Olga pertsonaia. Narratzaile figura ere egongo da: "Istorioa lotzen joango den haria izango da, ekinaldi bakoitza bestearekin lotuko duena, eta pertsonaiak aurkeztu". Zuzendari ardura, ostera, Mariatxen Urkiak izango du.
Emanaldi askotan bidelagun duten Jose Luis Franzesena azpeitiarrak ez du hutsik egingo oraingoan ere, pianoan, eta, gainera, haren seme Unai perkusioan izango da.
Irailaren 29an parrokian
Andre Marian Zeruratze parrokian egingo dute emanaldia – pilotalekuan beharrean–, irailaren 29an, 19:00etan. "Oholtza txiki bat prestatu dugu harako, eta kokagune hori erosoagoa da guretzat, mikrofonorik ere ez dugu-eta beharko". Egunotan buru-belarri dabiltza entseguetan, "ilusio handiarekin".
Beste urte batzuetan legez, ez da sarrerarik hartu beharrik izango, eta herritarrak gonbidatu dituzte "merezi izango duelako".