Andramaixetan egin zuten estreinakoz dantzan erraldoi berriek Aretxabaletako kaleetan. Harrera beroa jaso zuten orduan herritarren aldetik, eta irailaren 27an, 18:00etan, bigarrenez irtengo dira kalera, gaiteroak lagun dituztela.
Ordurako, gainera, izena ere izango dute horiek, herritarrek aukeratuta. Udalak 140 proposamen jaso ditu eta Kultura Saileko kideek sei izen-bikote hautatu dituzte: Demetrio eta Rita; Demetrio eta Clara; Dunixe eta Ximun; Ramon eta Kasilda; eta Mari eta Sugaar. Herritarrek irailaren 26a bitartean eman diezaiokete sei horien artetik gustukoenari formulategi hau erabilita.
50 kilo eta 3 metrotik gora
Erraldoi zaharrak –urteetan kalean ibili den baserritar bikotea– hondatuta daude dagoeneko, eta erabiltzeko, gainera, ez dira batere erosoak. Horregatik, aurreko agintaldiko udal ordezkariek berriak enkargatu zituzten eta urtebete pasatxoren ostean kalean dira. Xabi Mendizabal zaharberritzaile eta artista oñatiarrak eta haren lankide Joanes Diez sortzaile eta arotzak egin dute erraldoi bikotea. Bakoitzak 50 kilo ingururen bueltan du eta 3,65 metroko garaiera. Beira-zuntzarekin eginda daude eta olioarekin margotuta: "Badakigu Aretxabaletan beste bi erraldoi daudela aurretik, biak dira baserritar itxurako pertsonaiak, eta berriak ere halakoak izateko eskatu ziguten. Guk zertxobait moldatu gura izan genituen, eta, horregatik, baserritarrak bai, baina kalerako jantzita irudikatu ditugu; hau da, elegante jantzita", azaldu du Mendizabalek.
Pisutsuak direla onartu du, baina erabiltzeko aurrekoak baino samurragoak: "Barruan duten astoa (kaballetea) handia da, eta dantzan egiterakoan barruan dagoenarentzat erosoa izan dadin pentsatuta daude". Mendizabal eta Diez hainbat lagunekin izango dira datorren egubakoitzean Aretxabaletako kaleetan erraldoiei dantzan eragiten.
Konpartsa sortzeko gogoa
Behin erraldoi berriak izanda, haien ardura izango duen talde finko baten gogoa agertu da orain. "Beharbada, teilatutik hasi ditugu lanak; izan ere, erraldoiak izatea eta konpartsarik ez... zentzurik ez duen zerbait dirudi", adierazi du Ibai Zangitu Arroyok, Udaleko Kultura zinegotziak. Gainera, erraldoiak eta buruhandiak kalera irten daitezen boluntario bilaketa urteroko buruhaustea izan ohi da, eta horri irtenbidea topatu nahia ere badago.
Erraldoien bueltan hainbat konpartsatan ibili den Andoitz Gomez Iturbe gaztea Aretxabaletako konpartsa baten ilusioz dago, eta laguntzeko gertu, gainera. Hala, ate irekien saio bat egiteko asmoa dute, "probatzeko eta entseatzeko", baina, oraingoz, ez dago datarik zehaztuta. "Bati eta besteari galdetuta, jendea badago konpromisoa hartzeko prest, baina talde bat egitea da asmoa. Bakoitzarekin bi edo hiru lagun derrigor behar direlako", dio Zangituk.
Harrobia sortu
Konpartsa sortzeko ezinbestekoa da hazia ereitea eta zaletasuna piztea ume zein gaztetxoengan. "Ideien artean badugu erraldoi ertain batzuk sortzea, aurrekontuetan sartzen bazaigu, behintzat; gaztetxoek, 12-14 urte bitartekoek, erabil ditzaten. Izan ere, konturatu gara gure herrian ere badagoela zaletasuna", azaldu du Zangituk. Erraldoiek besteko ikusmina pizten dute buruhandiek umeengan, eta haiek egiten ikasteko saio bat baino gehiago egin dute; azkena gaur izango da, eta bete egin da. Leku barik geratu direnen izenak jasotzen dabiltza, aurrerago beste bat antolatzeko asmoz.
Gaiteroak ezinbesteko
Konpartsa batean ezinbesteko pieza izan ohi dira gaiteroak, eta Aretxabaletako taldea "gogotsu" dago herrikoaren parte izateko. "Ez da samurra izango hutsetik sortzea hori, baina ahaleginduko gara", adierazi du Gari Iturbe kideak.
Sanmigeletan beste zeregin batzuk ere izango dituzte gaiteroek: Larrin dantza saioa girotzea zapatuan, Beinke-Loramendi dantzaren ostean, eta herritarrak esnatzea domeka goizean. "Azken horretara Zigarrolako gaiteroak ere gonbidatzen ditugu eta herria punta batetik bestera zeharkatuko dugu jai giroa zabaltzeko".
Andoitz Gomez Iturbe: "Erraldoiak eramateko nahikoa da pisuarekin ibiltzera ohitzea"
Hainbat konpartsatako kide izan da Andoitz Gomez Iturbe (Aretxabaleta, 2008), eta orain herrian sortu gura du.
Erraldoien bueltan umetatik, ezta?
Bai; 4 urte nituela hasi nintzen Arrasaten eta 7 urterekin Bergarako konpartsan sartu nintzen; gero, Euskal Herriko hainbatekin jardun dut.
Zein da zure egitekoa konpartsetan?
Erraldoiekin gozatu eta haiek dantzan jartzea, hori izan da nire egitekoa beti.
Erraldoi berriak gustuko dituzu?
Bai, bai, eta herritarren gustuko izan direla uste dut. Zaharrak baino zertxobait pisutsuagoak dira, baina orekatuagoak eta eramateko samurragoak.
Orain konpartsa bat sortu gura da herrian.
Bai; gogo hori aspaldi neukan eta aurrera doa. Hala, irteerak ere egin ahal izango lirateke. Ni, adibidez, Katalunian eta Madril inguruan egon izan naiz eta uda honetan Valladoliden, Lekunberriko konpartsarekin.
Jendea animatzeko zer esango zenuke?
Erraldoiak ateratzeko praktika apur bat bakarrik behar dela, dantza entsegu batzuk pisua eramaten ohitzeko eta listo. Ate irekien saio bat egin gura dugu probatzeko.