1989an hasi ziren ospatzen sanmigelak Aretxabaletan, iraileko azken zapatuan, eta, aurten ere ez dute hutsik egingo jaiek. Irailaren 27tik 29ra bitartean ospatuko dituzte aretxabaletarrek, eta ekoizleak, artisauak eta herritarrak batzen dituen hitzordu nagusia ere inoiz baino beteago dator. Izan ere, aurten, artisautzaren eta nekazaritza ekologikoaren 29. azoka izango da, eta bertako ganaduaren azokaren hamargarren aldia ere egingo dute; azken hori, Arlutzeko kantxan. Bi eremuetan proposamen ugari izango dituzte bisitariek.
Inoiz baino postu gehiago
51 postu jarriko dituzte artisauek eta ekoizleek, guztira, Durana eta Mitarte kaleetan eta Herriko Plazan banatuta; inoiz baino postu gehiago. Gazta, eztia, loreak, haziak, bitxiak, zurezko koilarak, zapatak, ehungintza lanak… Askotariko postuak izango dituzte bertaratzen dituztenek ikusteko, probatzeko eta, nahi badute, erosteko, eta sasoiko produktuen artean aritzeko tartea ere izango dute azokara bertaratzen direnek. Izan ere, sanmigeletako azokan izango diren postu horietatik guztietatik zortzi izango dira produktu ekologikoak eskainiko dituztenak, eta horietako hainbat herriko ekoizleek jarritakoak ere izango dira, urtero moduan, sasoiko produktuekin.
Herriko artisauak eta ekoizleak
Bertako artisauek eta ekoizleek beti izaten dute lekua sanmigeletako azokan, eta horietako asko aski ezagunak dira herrian. Aretxabaletako artisauak lau izango dira artisautzaren eta nekazaritza ekologikoaren azokan: Lara Gonzalez, Mari Luz Osorio, Itsaso Aldai eta Izaro Sanchez. Bertako produktuak eta elikagaiak jarriko dituzten ekoizle aretxabaletarrak, berriz, Maria Jesus Revuelta, Jose Lonbide eta Gorka eta Felix Lete anaiak izango dira –Mendibitzu gazta–.
Bertakoen proposamen ugari
Inma Miguelek, Aretxabaletako Udaleko Kultura teknikariak, adierazi duenez, artisautzaren eta nekazaritza ekologikoaren azoka da Aretxabaletako San Migel jaietako izarra, eta urteak pasa ahala hazten joan dela nabarmendu du: "Bertako eta garaiko produktuak kontsumitzeko, erosteko eta dastatzeko aukera ematen du azokak, eta kolorea ematen die azokak berak jaiei. San Migel jaietan oinarrizko zutabea da, eta horren bueltan antolatzen dira gainerako hitzorduak. Iaz baino postu gehiago izango ditugu, gainera, eta, hori positiboa den arren, gero dena antolatzeko ere ez da samurra izaten. Postu guztiak leku berean, denak batera jarri nahi izaten ditugu, baina espazioa mugatua da. Kontuak kontu, bertako ekoizleak eta artisauak ere izango ditugu beste urte batez azokako protagonista, eta horietako batzuk, produktu bakarra ekarri beharrean, askotariko produktuekin betetako postuak jartzeko asmoz izango dira, bisitarien gozamenerako".
Bertako ekoizleen presentzia
Maria Jesus Revuelta ekoizle aretxabaletarrak –joan zen astean Euskal Herriko Bertako Tomatearen Lehiaketan bigarren saria eskuratu zuen– ez du hutsik egingo sanmigeletako azokan. Urtero eramaten ditu Eskoriatzan, Erañan, duen nekazaritza ustiategiko produktuak azokara, eta Aretxabaletan arrakasta izaten duela dio: "Ez dut gogoratzen ondo noiztik, baina esango nuke ortua jarri nuenetik; 12-14 urte izango dira, ordutik urtero joan izan naiz". Beti bezala, garaiko produktuak eramango ditu, Erañazabaleko garaiko barazkiak, eta bi urtarotakoak: batetik, udako barazkiak eramango ditu; hau da: tomateak, piperrak, pepinoak, kalabazak, lekak… Baita negukoak ere: brokolia, esaterako. Uda gogorra izan dela dio Revueltak, eta, batez ere, tomatearen uztan eragin duela: "Aurtengo uzta ez da hain ona izan. Aretxabaletako Tomatea landatzen dut nik; guztira, 640 landare. Maiatz aldera euriagatik eta lanbroagatik ezin zen lurra ondo prestatu; beraz, berandutu egin da landaketa. Eta gero, abuztuan sekulako beroak egin dituenez, zoratu egiten dira tenperatura aldaketekin. Bi txandatan banatuta sartu ditut tomateak: lehenengoan, apirilean landatu eta uztail hasieran jasota, tomate ugari eta ederrak jaso ditut; bigarren txandan, berriz, ekain amaieran jarri eta abuztu bukaeran uzta jasotakoan, ez da hain ona izan. Harra eta tximeleta izan dute tomateek, eta, ondo zaindu eta mimatu arren, eguraldia ez da gure esku egoten".
Ganadua Arlutzen
Bertako ganadua gertutik ikusteko aukera ere izango dute sanmigeletako azokara joaten diren bisitariek; ahuntzak, oiloak, behiak eta beste hainbat abere elkartuko dira Arlutzeko kantxan. Galartza auzoko Zaloña Aurrekoa baserriko Ibai Alberdik, esaterako, abereak eramango ditu, eta gogoz dago azoka egunerako: "Euskal Herriko arraza autoktonoekin izango gara bertan; ardi latxak, sasi-ardiak, ahuntz azpigorriak, Euskal Herriko mendi behorrak, pottokak, behi piriniotarrak eta terreña behiak."
Azoka ardatz, hitzordu ugari
Artisautzaren eta Nekazaritza Ekologikoaren zein ganaduaren azokaz gain, ekintza ugari izango dira hilaren 28an: izan ere, 10:00etan, diana izango da Aretxabaletako txistulariekin; 11:00etan, talo-txosna irekiko dute, Loramendi elkartearen eskutik, Mitarte kaleko lokalean; 11:30ean, berriz, Leizarra Musika Eskolako trikitilariak arituko dira kaleetan zehar; 12:30ean, bertso saioa izango da Maddalen Arzallus eta Aitor Mendiluze bertsolarien eskutik, Lekaixoka bertso taldeak antolatuta, Mitarten; 12:45ean, txalaparta saioa izango da, Duranan; baita 13:00etan Iturengo joaldunak kaleetan zehar ere. Beraz, 14:30ean Iturrigorri frontoian egingo den elkartasun bazkarira arte izango da zer ikusi Aretxabaletako kaleetan zehar. Eta hori gutxi balitz, arratsaldean ere ekintzaz betetako programa dago ezarrita; azpimarratzekoa da berritasun gisa egongo den Repercusion Feminista batukada, 17:00etan hasita, kaleetan zehar.
Loramendikoen talo goxoak
Loramendikoek talo-txosna jarriko dute Mitarte kaleko lokalean. Bertan lagundu gura izanez gero, bertako kideei jakinaraztea eskatu dute.