Mondragon Taldeko parte den Bexen Cardio enpresak hamarkadatako esperientzia dauka desfibriladoreen sektorean: osasun etxeetan erabiltzen direnak egiten ditu, baita gure herrietan, kalean aurkitu ditzakegun kanpo-desfibriladoreak ere. Enpresako lehendakari Ibon Zabalak eman ditu gaiari buruzko azalpenak.
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Emergentziak Zerbitzuak ospitalez kanpoko 600 bihotz biriketako geldialdi artatzen ditu urtero. Horrelako egoera baten aurrean ahalik eta azkarren erreakzionatzea da helburua eta hori horrela, gero eta ugariagoak dira gure herrietan edozein herritarrek erabiltzeko moduko kanpo-desfibriladoreak: Debagoienean 150 dira guztira
Bexen Cardioko formatzailea eta teknikaria da Ivan Calleja eta bihotz biriketako bizkortzea gertatzen denetik, larrialdietako langileak etorri arte nola jokatu jakiteko bide-orri bat azaldu du. Era berean, kanpo-desfibriladoreak nola funtzionatzen duen erakusten du, pausoz-pauso.
Arrasaten, 2024an, erreskatatzaile-sare bat osatu zuten,bihotz-geldialdi baten aurrean erantzuteko gai diren herritarrak elkartuz. Boluntario horietako bat da Endika Ruiz de Sanmaniego, eta argi dauka hil ala biziko egoeretan "ezer ez egitea" dela egin daiteken okerrena.
Norbaitek zure inguruan inoiz ere bihotz-gelditze bat izango balu, jakingo zenuke zer eta nola egin? Badakizu non dauden desfibriladoreak zure herrian? Egin duzu inoiz ere ikastarorik? Galdera horiek egitera irten da GOIENA Antzuolako kaleetara.