Gabonak ate joka dauden honetan, kontsumitzaileak "deskontrolatu" egiten direla dio EKA Euskal Kontsumitzaileen Alkarteko komunikazio-arduradun Markel Etxebarriak. Bazkariak, opariak, bidaiak... gastua "nabarmen handitzen da" urte sasoi honetan; hain zuzen ere, 1.350 eurokoa da EAEn kontsumitzaile bakoitzak Gabonetan egingo duen gastua, Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak egindako inkesta baten arabera. "Bi arrazoi nagusi daude deskontrolaren atzean: alde batetik, karga emozionala, eta, bestetik, presio komertziala. Gabonetan gehiago erostera bultzatzen gaituzte; ustez beharrezkoak diren opariak erosteko, mahaia asko betetzeko eta azken orduko erosketa txikiak egiteko beharra izaten dugu. Askotan, kontrolik gabe egiten ditugu erosketa horiek, eta, konturatzen garenerako, gastu txiki asko metatzen ditugu hilabetean zehar, eta gastu handi bihurtzen da".
%37 handitzen da Euskal Autonomia Erkidegoko etxeetan Eguberrietako elikagaietako gastua
Abenduko erosketek, gora
Hego Euskal Herriko Gabonetako batez besteko gastuari dagokionez, Espainiako Kontsumitzaileen elkarteak dio Araban 1.205 euro, Bizkaian 1.628 euro, Nafarroan 1.461 euro eta Gipuzkoan 1.320 euro gastatuko dituela kontsumitzaile bakoitzak. Gipuzkoako datuan oinarrituta, 1.320 euro horietatik %27,80 elikadurara bideratuta dago, %21,81 jostailuetara, %20,45 oparietara, %16,36 aisialdira, %7,42 beste gastu batzuetara eta %6,14 loteriara. Azken datuari gehituta, Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundeak dioenez, 195.012.200 eurokoa da EAEko loteria saltokietan egindako gastua.
87,43 euro da 2025ean EAEko biztanle bakoitzak loterian egin duen batez besteko gastua
Bestalde, loteriari dagokionez, EAEko biztanleen batez besteko gastua 87,43 eurokoa da, erakundeak adierazten duenez. Elikadurari dagokionez, Eroskik argitaratutako datuen arabera, EAEko etxeetan %37 handitzen da gastua Eguberrietako elikagaietan –EAE eta Madril dira gastua handitzen liderrak–. Hori ez ezik, abenduan gastatzen denaren %46 Eguberrietako produktuetara bideratzen dela dio Eroskik; eta, gainera, abenduan eguneko gehien eskatzen diren produktuen eta erosketetan igoera handiena izaten duten produktuen berri ere eman du. Honako hauek dira produktuok: turroiak, bonboiak eta gozo tipikoak; urdaitegikoak; cavak, ardoak eta beste edari batzuk; arrain eta itsaski freskoak edo izoztuak; eta haragi hautatuak ere bai, hala nola arkumea eta behi haragia.
Gomendio orokorrak
Datuei erreparatuta, Gabonek eguneroko gastuan eragina dutela ondorioztatzen dute guztiek. Alde horretatik, Etxebarriak hiru gomendio nagusi nabarmentzen ditu urte sasoi horri begira: "Hiru gomendio nagusi aipatzekotan, lehenik eta behin, nabarmenduko nukeena da planifikazioa; etxeko lanak aurretik egitea. Ezinbestekoa da erosketen zerrenda zehatz bat egitea eta gehienezko aurrekontu bat zehaztea. Bigarren gomendioa da gardentasuna bilatzea; hau da, denbora igarotzea erosketak egin aurreko prozesuan: prezioak konparatu, baldintzak ondo irakurri eta ez fidatu onegiak diren eskaintzez. Hirugarren eta azken gomendioa da gure eskubideak ezagutzea. Oinarrizkoa dirudi, baina, askotan, ez ditugu kontsumitzailearen eskubideak ezagutzen. Adibidez, erosten dugun guztiaren bermea hiru urtekoa da; itzulketa politikak argi azaldu behar dira webgunean zein fisikoan erosten dugunean; eta, azkenik, Interneten erosten dugun guztia hamalau egunean itzuli dezakegu, inolako azalpenik eman gabe".
Publizitatearen eragina
Gabonetan publizitatea "oso agresiboa" izaten dela dio Etxebarriak, eta "azken unitateak, gaur bakarrik edo beherapen izugarriak moduko leloak" askotan agertzen dira sare sozialetan zein herrietako kaleetan. Horiek guztiak "presio teknika komertzialak dira eta ez informazio objektiboa". Horren harira, Etxebarriak emandako gomendioa "garbia" da: "Mezu horiek jasotakoan lasai jaso, lasai irakurri eta xehetasunak egiaztatu erosi aurretik; ez erosi momentua bertan". Hori egitea zaila dela dio EKAko kideak, "etengabe josten gaituztelako publizitatearekin", baina norbere buruari galdetzea "ea erosten dugun hori benetan behar dugun zerbait den edo ez ezinbestekoa da".
Udalerriek kaleak argiztatzen gastatzen dute dirua Gabonetan; bailaran 122.689 euro
Kaleak argiztatua
Kontsumitzaileek ez ezik, udalerriek ere izaten dituzte gastuak Gabonetan. Bailarako herriei dagokienez, hainbatetan argiztatuko dituzte kaleak, horrek dakarren gastuarekin. Arrasate da herriko kaleak argiztatzen diru gehien gastatuko duen herria: 59.290 euro; horietako 10.000, Aldundiaren laguntza baten bidez. Bergaran 23.500 euro pasa, Oñatin 17.000, Aretxabaletan 15.000, Antzuolan 5.000 eta Eskoriatzan 2.800 euro gastatu dituzte. Elgetan ere apaintzen dute udaletxea, baina ez dute horretarako aparteko diru partidarik bideratzen. Kaleak argiztatzeaz gain, erakusleiho lehiaketak egiten dituzte Arrasaten, Aretxabaletan, Bergaran, Oñatin eta Antzuolan; lehiaketa antolatzen duten lehenengo urtea da Antzuolakoentzat.