Saretzen egitasmoaren baitan, errenta pertsonalaren gaia izan dute aztergai oraingoan. Hau da, herritarren urteko batez besteko soldatak, etekinak, interesak zein jasotako transferentzien batuketa, zergetan ordaintzen dena kenduta.
INEk (Espainiako Estatistika Institutua) argitaratutako azken datuen arabera, debagoiendarrek, batez beste, 20.497 euroko errenta pertsonala izan zuten 2023an, Hego Euskal Herriko 2024ko batezbestekoa baino gehiago –19.500 euro–. Hala, Debagoiena Gipuzkoako eskualde aberatsena eta EAEko bigarren aberatsena da. Gorbeialdea, Plentzia-Mungia eta Donostialdekoek bezala, 20.000 eurotik gorako errenta jasotzen dute debagoiendarrek. Baina, EHUko Lan Harremanetako Fakultateko ekonomia aplikatuko irakasle Jon Bernat Zubiriren hitzetan, bailaran badago beste hiru eskualde horietan gertatzen ez den faktore bat: "Debagoienean osaketa industriala eta lanpostu onak mantentzeko joera izan da aberastasunaren iturri; beste hiruretan, aldiz, zerikusi handia du aberats batzuen erresidentzia-efektuak".
Bestetik, azken urteetan errenta pertsonalak gora egin du nabarmen: 2016tik 2024ra, %40ko hazkundea izan du Hego Euskal Herrian; Debagoienean, %23,3koa, 2016tik 2023ra. Hala ere, Zubiriren arabera, igoera horrek ez du zertan herritarren bizi-kalitatearen hobekuntza zuzena adierazi: "Errenta pertsonalaz gabiltzanean, kontuan izan behar da adierazle ekonomiko gisa muga batzuk dituela. Ez du zuzenean behe-klasearen egoera adierazten, goi-klaseak asko handitzen du-eta batezbestekoa".
"DEBAGOIENDARREN ABERASTASUN ITURRIA LANPOSTU ONAK MANTENTZEKO JOERA IZAN DA"
Eskualdeko herriei dagokienez, Leintz Gatzaga da errenta pertsonal altuena duen herria, eta ondoren datoz Oñati, Antzuola eta Bergara. Bestalde, 20.000 eurotik beherako errenta izan zuten 2023an arrasatearrek, elgetarrek eta eskoriatzarrek.
Hazkundeari begira, 2016tik 2023ra bitartean, Bergara izan da errenta gehien hazi duen herria, %29 baino gehiagorekin. Hazkunde apalagoa izan dute Aretxabaletak, Aramaiok eta Eskoriatzak, %20tik behera.

Pobrezia-arriskua, presente
Diru-sarreren igoerarekin batera, pobrezia edo bazterketa sozialeko arriskua ere aztertu du INEk. Arrisku tasa EAEn %15ekoa da, eta Nafarroan %18koa; bi lurraldeak daude Espainiako (%26) eta Europako (%21) 2024ko batezbestekoen azpitik.
Elikagai bankuek eta gizarte-laguntzarako erakundeek, adibidez Caritasek, egunerokoan ikusten dute desberdintasun ekonomikoek oraindik eragin zuzena dutela pertsona askoren bizitzan. Esaterako, Caritasek, Debagoienean, 776 familia artatu zituen iaz, 1.625 pertsona. Hamarretik sei emakumeak ziren, eta %83, 44 urtetik beherakoak. Euren egoera erregularizatzeko hasiera-puntuan dauden etorkinak dira Caritasera gehien jotzen dutenak.