Saretzen proiektua jarri dute abian EITBk eta TOKIKOMek

Mirari Altube Arrese 2022ko aza. 28a, 11:51

Alaitz Artolazabal (TOKIKOMeko zuzendari nagusia), Iban Arantzabal (TOKIKOMeko presidentea), Isabel Octavio (EiTBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria) eta Arantza Ruiz (EiTBko albistegietako burua).

EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak Saretzen proiektua jarri dute abian. Egitasmoaren helburua da datu kazetaritza elkarrekin lantzea, BBCren Local News Partnership ereduari jarraituz. Martitzenean, azaroaren 29an, kaleratuko da elkarlan horren lehen emaitza: Hego Euskal Herriko demografiak 2001 eta 2021 artean izandako bilakaera hain zuzen ere.

Hego Euskal Herriko demografia aztertu dute azken asteetan elkarlanean eta horren emaitza argitaratuko dute datozen egunetan bai EITBko eta bai TOKIKOMeko medioek, nork bere esparruari, ezaugarriei eta eremuari egokituta. Hala, Goiena.eus-ek bihar emango du jasotako datuen berri, baita Goiena telebistak ere; horren gaineko saioa izango da. Puntua aldizkariak, ostera, egubakoitzean jasoko ditu gaiaren bueltako kontuak; monografikoa izango da.

Demografiaren bilakaera hogei urtetan

Zehazki, 2001-2021 urte bitarteko Hego Euskal Herriko demografia datuak landu dituzte, Eustat eta Nastat iturri hartuta. Azken hogei urteotako populazioaren bilakaera aztertzeaz gain, gizartearen erradiografia egingo dute, biztanle kopuruari, zaharkitzen doan gizarteari eta jaiotza-tasari erreparatuta. Eskualdez eskualde emandako fenomenoetan jarriko dute arreta, Goienaren kasuan Debagoienean, eta udalerriak ere aztergai izango dituzte, datuak eskualde, hiri zein herrietako errealitateetatik aztertuta. Hain justu ere, hori izango da Saretzen proiektuaren ezaugarri nagusia: datuak modu bateratuan bildu ondoren, horien lanketa zehatza hedabide bakoitzaren esparrura egokituko da.

Lankidetza-hitzarmena

EITBk eta TOKIKOMek sinatutako lankidetza akordioaren emaitza da Saretzen, eta aliantza horri jarraituz, asmoa da aurrerantzean beste hainbat gai ere elkarlanean lantzea. Hain zuzen ere, euskal esparru komunikatiboa garatzea eta trinkotzea da sinatutako hitzarmenaren xedea, biztanleriaren informazio beharrizanak asetzeko eta, bide horretan, tokiko eta nazio esparruko komunikabideen arteko elkarlan eredu bat lantzeko.

Euskaraz sortutako kalitatezko eduki lehiakorrekin Euskal Herriko agendan eragitea ere helburutzat jo du akordioak eta, horri lotuta, eraginkorrak izateko aldaketa teknologikoak eskaintzen dituen aukerak aztertzea eta baliatzea, besteak beste, honako alorretan: formazioa, Internet bidezko telebista, datu kazetaritzaren lanketa eta dataren ustiapen egokia eta bateratua… Etorkizuneko ikus-entzunezko ereduaren inguruko hausnarketaren erronka ere jasotzen du EITBren eta TOKIKOM sarearen arteko hitzarmen berriak.

TOKIKOM euskarazko 76 toki komunikabidek osatutako sarea da. 2012an sortu zen eta ondoko zeregin hauek ditu: toki komunikabideen solaskidetza bateratua beste eragile publiko zein pribatuen aurrean; jarduera esparru komunen kudeaketa: publizitatea, presentzia digitala, kudeaketa, erosketak...; eta sektorearen garapena eta hedapena errazteko konbergentzia estrategiak diseinatzea. Gaur egun, 28 bazkide ditu, orotara 76 komunikabide kudeatzen dituztenak, euskarri guztietan: papera, irratia, telebista eta digitala.

EITB hedabideak dituen ikus-entzunezko talde publikoa da Euskadin. Zerbitzu publiko honen helburua da euskal gizartearen eskaerei erantzutea, informazio, dibulgazio eta entretenimenduko ikus-entzunezko eskaintza anitz, erakargarri eta kalitatezkoarekin, euskal kultura eta hizkuntza sustatuz eta egungo ikus-entzunezko ekosisteman euskara normalizatzen, erabiltzen eta hedatzen lagunduz.

Local News Partnership egitasmoa

2021eko azaroan Komunitatea Josten jardunaldiak antolatu zituen TOKIKOMek, TOKIKOM sari banaketari lotuta, eta hainbat kasu praktiko aurkeztu zituzten bertan, tartean orain oinarri bezala hartutako Local News Partnership proiektua. BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren artean osatutako proiektua da Local News Partnership, Matthew Barraclough egitasmoaren zuzendariak jardunaldiotan azaldu zuenez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak