Informazioaren gizartea nagusitu da XX. mende amaiera ezkero, eta hori izan da aste honetan Goiena telebistako Datuetatik tiraka saioaren gai nagusia. Momentuko beharrak eta berrikuntzak aintzat hartuta, aldakorrak dira informazioa eskuratzeko bide eta gailuak. Gizarte forma hori datuen bidez irudikatzeko eta aztertzeko, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) urtero kaleratzen duen 2025eko abenduko Informazioaren gizartearen panorama txostena baliatu da. Komunikazioaren teknologia berrien (IKT) eskuratzearen eta erabileraren inguruko argazki zehatza ematen du.
Ekipamenduen bilakaera
Ehuneko handi batek erabiltzen ditu gailuak; 2003an, familien %73,7k zuten eskuko telefonoa; 2025ean, berriz, %98,8k. Antzera gertatu da Internetekin: duela bi hamarkada, familien %29,2k baino ez zuten sarbidea; gaur egun, ordea, %92,1ek dute. Ordenagailuaren presentziak ere gora egin du, nahiz eta hazkundea motelagoa izan den: 2003ko %44,1etik 2025eko %76,1era igaro da. Seme-alabak dituzten familietan datuek erakusten dute ekipamendu maila are handiagoa dela: %99,5ek dute Internet.
Ordainpeko telebistaren igoera
Aldaketa esanguratsuenetako bat telebistaren kontsumoarekin lotuta dago. 2015ean familien %9k baino ez zuten Internet bidezko telebista-zerbitzuren bat; hamar urte geroago, %60,9k dute sarbidea. Hau da, 51,9 puntuko igoera izan da hamarkada bakarrean. Telebista tradizionalaren eredua atzean geratzen ari dela dirudi: edukia gero eta gehiago kontsumitzen da Internet bidez, plataformen bitartez eta nahi den unean.
Gora egin duten gailuen ondoan, beherakada nabarmena izan dute beste batzuek. 2003an familien %91,9k zuten telefono finkoa eta %98k, irratia. 2025eko datuen arabera, ordea, telefono finkoa %55,8ra jaitsi dira eta irratia, %54,6ra. Duela gutxira arte etxe askotan ezinbestekotzat jotzen ziren gailuak bazterrean geratzen ari dira. Mugikorrek, streaming plataformek eta sare sozialek ordezkatu dituzte lehen komunikazio eta informazio-iturri nagusi ziren horiek.
Askotariko erabilerak
Azken hiru hilabeteetan Internet erabili duten 15 urtetik gorako biztanleen ia %100ek komunikatu edo informazioa bilatzeko erabili dute sarea. %87k, aldiz, entretenimendurako zein sormenerako: musika entzun edo ikus-entzunezko edukia kontsumitzeko. %75ek banku elektronikoarekin lotutako eragiketak egiteko eta %56,5ek, merkataritza elektronikorako; hau da, Internet bidez gauzak erosteko.
Arautzeko erronka
15-24 urte bitarteko gazteen sare sozialen erabilera batez bestekoa baino nabarmen handiagoa da: %87,7k erabiltzen dute Instagram eta %58,8k, TikTok. Digitalizazioaren hedapenarekin, arautzeko beharra agerian geratu da. Espainiako Gobernuko presidenteak, Pedro Sanchezek, hainbat neurri iragarri ditu: 16 urtetik beherakoek sare sozialak erabiltzea debekatzeko asmoa, algoritmoen manipulazioa mugatzea eta plataforma digitalak legez kanpoko edo gorroto-delituekin lotutako edukien erantzule egitea, besteak beste. Neurri horiek erakusten dute informazioaren gizartea aurrerapen teknologikoetatik harago doala.
IKT ekipamenduen bilakaera
| Gailua | 2003 | 2015 | 2025 |
| Eskuko telefonoa | %73,3 | %93,4 | %98,8 |
| Internet | %29,2 | %70,2 | %92,1 |
| Ordenagailua | %44,1 | %70,7 | %76,1 |
| Ordainpeko telebista | %7 | %23,8 | %62,1 |