Udazkena izan ohi da ehiztariendako garairik preziatuenetako bat, orduan hasten baita ehiza-denboraldia: larriari dagokionez –hau da, orkatz eta basurdeen ehiza–, irailaren 4an hasi zen, eta datorren urteko martxoaren 29an amaituko da; xehea –alegia, animalia txikiagoen ehiza, hala nola untxiena, erbiena, usoena eta galeperrena–, berriz, etzi, domeka, hasiko da, eta urtarrilaren 31ra arte iraungo du. Urteek aurrera egin ahala, ordea, geroz eta gutxiago dira ehiztariak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek emandako datuen arabera, 1992an, esaterako, 56.757 ehiza-baimen banatu ziren hiru lurralde horietan, baina hogei urte geroago, 2022an, 31.383 ziren; %45eko jaitsiera erregistratu zen, horrenbestez. Bada, Gipuzkoan ere egoera berbera izan zen: 1992an, ehizarako 23.509 baimen banatu ziren, eta 14.012 izan ziren 2022an, %40,4ko jaitsierarekin.
Iazko denboraldia
Gipuzkoan 885 uxaldi egin ziren 2024-2025eko denboraldian, 1.708 ehiztarirekin: 735 basurde-uxaldiak izan ziren, eta uxaldiko 18,4 ehiztarik hartu zuten parte, batez beste, 956 basurde ehizatuta; orkatz-uxaldiak, berriz, 150 izan ziren, eta 11,8 ehiztarik hartu zuten parte horietako bakoitzean, 546 orkatz ehizatuta.
Debagoieneko datuak ere eman ditu Foru Aldundiak, eta baita Aramaioko Oilogor Ehiza Taldeak
ere, bailarako ikuspegi orokorra izateko. Azaldu dutenez, 230 uxaldi egin ziren azkeneko denboraldian, eta honako hauek dira kopuruak, herriz herri banatuz gero: Antzuolan, sei; Aramaion, 60; Aretxabaletan, 25; Arrasaten, bederatzi; Bergaran, 50; Elgetan lau; Eskoriatzan, 24; Gatzagan, lau; eta Oñatin, 48. 2024-2025eko denboraldian eginiko uxaldietan 228 basurde
ehizatu zituzten guztira, eta horietatik gehienak Aramaion (62), Oñatin (51) eta Bergaran (41)
izan ziren; ehizatutako orkatzak, berriz, 43 izan ziren, batik bat, Bergaran (16), Aretxabaletan (10) eta Eskoriatzan (10).
Ehiza xehea
Ehiza xeheari dagokionez, ez daude horrenbeste datu, baina jakinekoa da, esaterako, 540 uso-postu daudela Debagoienean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta bailarako ehiza-elkarteek emandako datuen arabera; horietatik gehienak, hurrenez hurren, Eskoriatzan (190), Aramaion (138) eta Oñatin (87) daude.