Partidu txarra jokatuta, igoera faseko lehen garaipena lortu zuen Aloña Mendik (32-29)

Jagoba Domingo 2014ko api. 27a, 20:27

Aloña Mendikoak erasoan.
Hirugarrenean lortu zuten garaipena Rafa Zuluetaren mutilek. Eibarko Haritza eskola taldeak bisitatu zuen zapatu arratsaldean Zubikoa, eta etxekoek Euskadiko txapelketarako igoera faseko lehenengo garaipena lortu zuten. Aurreko bi norgehiagokak galdu ostean, hil ala biziko partidua zen zapatukoa, eta entrenatzailea egindako partiduarekin haserre amaitu bazuen ere, garaipena Zubikoan geratu zen.

Etxekoen lehenengo minutuak onak izan ziren; defentsan gogor jokatuz eta kontraerasoak ederto aprobetxatuz. Eraso estatikoan ere nahiko fin ibili ziren, eta pazientziaz jokaldiak eginez, gol politak egin zituzten. Lehenengo hamabost minutuak pasatu ostean, bost goleko aldea zegoen markagailuan (10-5), baina Eibarko entrenatzaileak hutsartea eskatu ostean, indartsuago kantxaratu ziren bisitariak.
Hala ere, Izarratz Tabernako jokalariek berriz ere estutu zuten eta kontraerasoan gol errazak lortuz, markagailuan aldea mantendu zuten beste minutu batzuez. Atsedenaldira heltzeko zortzi minutu falta zirenean, markagailuan 15-9ko emaitza zegoen; baina etxekoen huts egiteei eta kontzentrazio faltari esker, bisitariek 3-6ko partziala lortu zuten. Eibarkoek defentsa aurreratu zuten eta min nahikotxo egin zieten Zuluetaren mutilei. Horrela, atsedenaldira 18-15eko emaitzarekin joan ziren.

Defentsan galduta

Bigarren zatia ez zen askoz ere hobea izan. Zuluetaren arabera, defentsan oso ahul jokatu zuten, eta indarra eta kontzentrazioa aldagelan utzi zituzten jokalariek. Bi gol sartu zituzten lehenengo erasoetan eta horrela bost goleko aldea lortu zuten. Defentsako lana txarra zenez, ez zuten kontraerasoan irteteko aukera askorik izan, oñatiarrek ez zuten euren jokoa egin. Bigarren zatian zehar, hiru edo bost goleko abantaila izan zuten markagailuan, baina sentsazioak ez ziren onak izan; partidua ez zuten kontrolpean izan. Eibarko Haritza Eskolakoak hamar jokalarirekin etorri ziren Oñatira, eta azken minutuetan bisitarien nekea oñatiarren lagun bihurtu zen.

Txarto jokatu baina irabazi

Partidu txarra jokatu arren, garaipena etxean geratu zen (32-29), eta horrek oraindik ere igoera fasean bizirik mantentzea suposatzen du. Sailkapenean laugarren postuan daude oñatiarrak bi punturekin, beste bi talderekin berdinduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak