Beñat Rezusta, txapeldun

Mireia Bikuña 2014ko api. 26a, 19:55
Bergararrak 22-4 irabazi du Erik Jakarekin bikote eginez Binakako Promozio Txapelketako finala, Iruñako Labriten. Gipuzkoarrek Gorka-Merino I bikote errioxarra aise menderatu dute. Rezustak Bergarako zaleen animuak jaso ditu pilotalekuan bertan.

Epaileen zozketan, txanponak urdin kolorea erakutsi duenetik, Jaka eta Rezusta izan dira jaun eta jabe. Lehen tanto egin ostean, partiduko berdinketa bakarra lortu dute errioxarrek (1-1). Baina, tanto hori Jakak egindako huts baten ostean lortu dute.

Hortik aurrera, 15 tanto egin dituzte jarraian urdinek. Merinok eskuak minduta zituela aprobetxatuz, pilota luzeak bidali dituzte atzeko koadroetara behin eta berriz. Jakaren eta Rezustaren pilota oso arina zen, eta berotu den unetik, bote azkarrak eta altuak eman ditu. Miguel Merinok sufritu egin du eta atsedenerako hiru tarte eskatu ditu, 15. tantoa egin aurretik.

Errioxarren tantoak

Merinok egin du gorriendako bigarren tantoa eta pilota aldatu dute, baina ezer gutxirako balio izan zaie. Bi tanto egin dituzte jarraian (16-4), baina ezin izan dute aurrera egin.

Azken tantoetan urdinak izan dira jaun eta jabe.

Iritziak

Reyes Azkoitia: "Asko jokatu du Beñatek. Pilota gogor astindu du eta Merinok iaz beti 8. koadrotik atzera bueltatu behar izan du pilota. Gozamena izan da finala zuzenean ikustea. Pozarren nago, batez ere beragatik. Gainera, garbi erakutsi du gaur ezkertiarra eta atzelaria izanda maila ona eman dezakeela profesionaletan. Partidu guztiak ez dira gaurkoa bezalakoa izango, eta askotan sufritu egingo du, baina indar handia duen pilotaria da. Merezitako txapela jantzi du".

Jokin Etxaniz: "Beñatek markatu ditu finaleko pautak. Kontzentratuta eta lasai irten da kantxara. Egun joko askorekin dago eta pilotalekuan erakutsi du. Hasieratik hartu dute errenta. Atzeko lerroetan egon da kakoa. Indartsu jokatu du Beñatek. Jakak ere lan ona egin du. Ikusleendako ez da partidu polita izan. Giro ona egon da Labriten

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak