Zazpi hilabete falta dira 2027ko udal hauteskundeetarako, baina Debagoieneko alderdi politikoak hasi dira dagoeneko lehen erabakiak jakinarazten. Arrasaten, Bergaran eta Aramaion izan dira lehen mugimenduak, eta eskualdeko gainerako herrietan oraindik zehazteko daude hautagaitza gehienak.
Arrasaten, EH Bilduren Mahai Politikoak Maider Morras proposatu du berriro alkategai izateko, 2023an hasitako proiektuari jarraipena emateko. Morrasek lau urte beteko ditu alkate karguan agintaldia amaitzen denean. Dena den, hautagaitza ez dago oraindik behin betiko berretsita: EH Bilduren oinarriek baieztatu beharko dute, urtarrilera bitartean egingo duten barne prozesuan.
Gorka Artolak ez du jarraituko Bergaran
Bergaran ere mugimenduak izan dira aste honetan. Gorka Artola egungo alkateak sare sozialetan argitaratutako bideo baten bidez jakinarazi du ez dela 2027ko udal hauteskundeetan EH Bilduren alkategai izango. 2015ean hasi zen zinegotzi, eta azken bi agintaldietan izan da alkate. Hortaz, zortzi urte beteko ditu alkatetzan agintaldia amaitzen denean.
Herritarren ordezkari izatea ohorea izan dela adierazi du Artolak, eta eskerrak eman dizkie urte hauetan erakutsitako konfiantzagatik. Bergarako EH Bilduk datorren eguenean egingo du herri batzarra, eta horren ostean jakinaraziko du herriko mahai politikoak nor proposatuko duen alkategai izateko.
EAJk, berriz, dagoeneko aukeratu du Bergarako alkategaia: Kepa Sebal. 2023tik da udaleko zinegotzi, eta aurtengo apirilean hartu zuen udal talde jeltzaleko bozeramaile ardura, Mikel Leteren lekukoa hartuta.
Debagoieneko EAJren barruan, ordea, Sebalen hautagaitza salbuespena da oraingoz. Eskualdeko gainerako herrietan ez dituzte hautagaiak aukeratzeko barne prozesuak hasi, eta ez dute horretarako datarik ere zehaztu.
Aramaioko udal gobernua ez da aurkeztuko
Aramaion ere aldaketak izango dira hurrengo agintaldian. EH Bilduren egungo udal gobernu taldeko kideek ohar baten bidez jakinarazi dute ez direla 2027ko udal hauteskundeetara aurkeztuko. Horrenbestez, koalizioak hautagai berriak bilatu beharko ditu udal gobernuan jarraitzeko asmoa badu.
Debagoieneko gainerako herrietan, berriz, alderdi gehienek oraindik ez dituzte hautagaitzak zehaztu. Oñatin, zortzi urte alkate karguan egin ondoren, Izaro Elorzak ez du argitu berriro aurkeztuko den. Eskoriatzako EH Bilduk otsailera arte ez du hautagaitzaren berri emateko asmorik, eta Aretxabaletan eta Antzuolan ere ez dituzte hautagaiak jakinarazi.
2027ko udal eta foru hauteskundeak maiatzaren 23an egingo dira, eta hauteskundeetatik aterako diren udalbatza berriak ekainaren 12an osatuko dira.