EH Bilduren Arrasateko Mahai Politikoak Maider Morras proposatu du 2027ko maiatzeko udal hauteskundeetan Arrasateko alkategai izateko. "Bere ibilbide profesionalari, dedikazioari eta azken agintaldian egiten ari den lanari erreparatuz, Maider Morras da 2023an komunitatearekin hartutako konpromisoa mantentzeko, abiatutako bideari jarraipena emateko, eta martxan jarritako proiektua gidatu eta egonkortzeko pertsona egokiena", azaldu du EH Bilduk, ohar bidez.
2023an alkate kargua hartu zuenetik, "gertuko gobernantza, berraktibazio soziala, babes komunitarioa eta hirigintza eraldaketa" helburu duen herri proiektua garatzen aritu dela dio EH Bilduk, "epe ertain luzeko proiektu garrantzitsuei oinarri sendoak jarriz".
Lanbidez, abokatua
Maider Morras (Arrasate, 1976) abokatua da formazioz eta ofizioz. Zuzenbidean lizentziatua da, eta Bitartekaritza Familiarreko Gradu-ondoa egin zuen 2004-2005 ikasturtean, biak ala biak Euskal Herriko Unibertsitatean. Mondragon korporazioan bi urteko ibilbidea egin ostean, Bitart abokatu bulegoa sortu zuen Arrasaten, abokatu eta bitartekaritza zerbitzuak eskainiz. EHUko Zuzenbide Fakultatean irakasle ere izan da hainbat ikasgaietan.