12:00etan puntuan hasi duten osoko bilkurarekin hasi dute agintaldi berria, jendez gainezka egon den aretoan. Zinegotzi berrien senideak, joan den agintaldiko zinegotziak, alkate ohiak, kazetariak eta bestelako herritarrak batu dira saioan.
Adinekoen Mahaia osatuta ekin diote osoko bilkurari, zinegotzi gazteenarekin eta zaharrenarekin. Hain zuzen, EH Bilduko Andoni Arratibel (27 urte) eta EAJko Bixente Etxeberria (64 urte) izan dira mahai hori osatu dutenak.
Jarraian, karguei zin egin diete udalbatza berria osatu duten 21 zinegotziek eta ondoren, alkatea izendatzeko ordua iritsi da. Hautagaitza bakarra izan da, EH Bilduko Maider Morrasena, gainontzeko hiruek ez baitute haien hautagaitza mantendu, eta, bozketaren ostean, Andoni Arratibelek egin du kontaketa. Hala, hura izendatu dute alkate, aldeko hamaika botorekin.
Lanean, Gobernutik zein oposiziotik
Momentu oso polita eta hunkigarria izan dela aitortu du Arrasateko alkate berriak eta eskerrak emateko baliatu du unea: "Herriari, gainontzeko alderdi politikoei, udal langileei eta zuei, kazetarioi". Era berean, nabarmendu du lanean hasiak direla dagoeneko: "Batzordeak banatzen ari gara. Proiektu garrantzitsuenak identifikatu eta horien baitan egingo dugu lan".
Elkarrekin Arrasateren babesa funtsezkoa izan da bozketan eta Eva Abuinek nabarmendu du gauzak aldatzen hasteko aukera zabaltzen dela Arrasaten. "Herritarrek erabaki zuten aldaketa politikoa egotea eta gaur egi bilakatu da aldaketa hori. Gobernua aldatu eta guk gogo handiz eta ilusioz hartzen dugu etapa berri hau".
EAJko Maria Ubarretxenak, bestalde, adierazi du taldea osatzea dagokiela orain eta oposizio eraikitzaile bat egiten saiatuko direla. "Beti bezala, guk, herriarendako onak diren proiektuetan egingo dugu lan. Orain dela zortzi urte hasi genuen linea beretik jarraituko dugu. Arrasatearrek ezagutzen gaituzte eta badakite nola egiten dugun lan. Beraz, guk berdin jarraituko dugu lanean".
Johanna Sanchez sozialistak, azkenik, aldaketa handiak izango direla azpimarratu du eta haiek ere egokitu egin beharko dutela horretara, betiere, elkarlanerako prest azalduz. "Ikusiko dugu nola doan agintaldia eta nolakoa den haiekin lan egitea. Lau urte dira eta gauza batzuetan badugu gauzak ondo irteteko esperantza".
Ospakizun eta besarkada artean bukatu dute osoko bilkura eta udalbatza berria osatuko duten zinegotziek talde argazki bat ere atera dute, agintaldiari hasiera emanez.