Aramaioko Udal Gobernu Taldea ez da 2027ko hauteskundeetara aurkeztuko

Amaia Txintxurreta Guridi

Udal Gobernu Taldekoak, urriaren 13an egin zuten ezohiko osoko bilkuran.

Jakinarazi dute azken urtetan zerrendak osatzen aritutako taldetxoak ere ez duela zeregin hori egingo oraingoan eta kezka agertu dute 2027ko Udal hauteskundeetan "ezkerreko eta ikuspegi eraldatzailea" duen zerrendarik ez aurkezteko aukeraz.

Gaur egun Aramaioko EH Bilduren izenean, Udal Gobernu Taldean, lanean ari direnak ez dira 2027ko maiatzeko Udal hauteskundeetara aurkeztuko. Beraz, Asier Agirre alkateak eta Udal Gobernu Taldeko zinegotziek ez dute hurrengo hauteskundeetara euren burua aurkeztuko.

Ohar bidez hauxe jakinarazi dute: "Une honetan, osatzen dugun taldeak ez dauka indarrik beste lau urtetarako konpromiso hori hartzeko. Era berean, azken urteetan zerrendak osatzen aritu den taldetxoak ere, ez du zeregin hori bere gain hartuko".

Joan zen asteko egunean egin zuten legealdiaren balorazioa egiteko eta aurrera begira jartzeko bilera Sastiñan, eta horren ostean etorri da oharra.

Herri ereduari buruzko kezka

Aramaioko EH Bilduk kezka agertu du 2027ko maiatzeko Udal hauteskundeetan "ezkerreko eta ikuspegi eraldatzailea" duen zerrendarik ez aurkezteko aukeraz: "Udalean, herrian ditugun elkarte eta mugimendu ezberdinekin elkarlanean eta lankidetzan, ezkerretik lanean arituko den lan-talde baten faltak datozen lau urteetan izan dezakeen eraginaz ere aritu ginen. Aipatu genituen herri eredua, herrian bizitzeko moduak, orain arte lantzen saiatu garen egitasmoak –basogintza eredua, energiaren kudeaketa arloa...– etorri diren eta etorri daitezkeen makroproiektuen aurreko jarrera... Kezkatzen gaitu hurrengo hauteskundeetan, Udalean aramaioarrez eta ikuspegi eraldatzailez osatutako zerrenda baten ordezkaritzarik ez badago, epe motz, ertain eta luzean gure herriak izango duen bilakaerak".

Horrenbestez, hausnarketarako gonbidapena egin zieten aramaioarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak