ALBISTEAK

Itzuliaren etorrerak, Bergara eta Antzuolako gune batzuen mozketak eragingo ditu

Koldo Zubia Salas 2026ko apirilaren 9a

Lehia erabakiko duen azken etapa, apirilaren 11n, zapatua, Antzuolako Goizperretik irtengo da 13:52an, eta, 135 kilometroren ostean, 17:30ean amaitzea dago aurreikusita, Bergarako Matxiategi kalean. Alabaina, lasterketaren etorreraren harira, hainbat kale eta aparkaleku ez dira erabilgarri izango, eta, bi herrietako udalek, egun horietarako alternatibak prestatu dituzte.

Bergaran, Itzuliaren betebeharretara bideratuko diren aparkaleku guztiak, egun bat lehenago, egubakoitzean, 17:00etarako hustu beharko dira. Udalak dagoeneko hustu beharreko aparkalekuetan seinaleztapena jarri du, eta aparkatutako ibilgailuetan oharrak banatu ditu egoeraren berri emateko: Boni Laskurain kalea, Agorrosineko parkina, Matxiategi kalea, Hilerriko parkina, Oxirondoko parkina, Urdangarin pasealekua, Lizaria, Zubieta, Masterreka, Burdiñate eta Urarte hustu beharko dira.

Kale eta parkin horietako aparkalekuak lasterketako antolakuntzak eta parte hartzaileek erabiliko dituzte, eta, Bergaran, gune horietako batzuk, zaleen interesguneak izango dira; hala nola, Matxiategi kaleko helmuga, Oxirondon kokatuko den podiuma edo Urarte kalean kokatuko duten autobusendako gunea.

Aparkalekuen gabeziari aurre egiteko eta Herritarrei eta bisitariei "erraztasunak emateko" helburuarekin, Bergarako Udalak bi gune ireki dituela iragarri du: San Martin ikastetxeko patioa eta Ipintza Institutuko patioa. Bi guneak jada erabilgarri daude, eta, apirilaren 12an, 16:00etan libre egon beharko dute berriro. Horrekin batera,  Bergarako Udalak herritarrei gomendatu die, asteburuan ahal den neurrian oinez mugitzeko eta seinaleztapena zein antolakuntza taldearen oharrak errespetatzeko.

Antzuolan ere, hainbat aldaketa

Antzuolan ere probaren egunean aparkaleku batzuk ezingo dira erabili; 07:00etatik aurrera ibilgailu partikularrik gabeko guneak izango dira Buztinzuri kalea,  Kalebarren, Herriko Plaza eta Antigua. Gainera, Oerlikonen ere ezingo da aparkatu; bai, ordea, Elayn eta Meatz Errekan, goizean zehar aparkatzeko eremu bereziak egokituko baitituzte. Antzuolan, txirrindulari taldeen autobusak GI-632 errepidean kokatuko dituzte; Antzuolatik eta Deskarga mendatearen hasieraraino dauden hainbat gune aprobetxatuz. Sinadura kontrola, etapari hasiera emango dioten Goizperren egongo da kokatuta. 

Errepide mozketak ere egingo dituzte. Eguzki auzotik San Blaseraino errail bat moztuta egongo da 11:00etatik aurrera, eta bidegurutzeak etapa hasi baino ordu erdi lehenago moztuko dira, 13:20 inguruan.

Bestelako eraginak

Itzuliaren seigarren etapak zeharkatuko duen ibilbidea, txirrindulariak igarotzean, trafikorako itxita egongo den bezala, inguruko hainbat errepidetan ere mozketak izango dira hilaren 11ko eguerditik hasita. Zehazki, AP-636an, Antzuolan, 13:30etik 14:15era, bi norabideetan, irteera guztiz itxita egongo da. AP-1ean, Bergaran, 14:15etik 17:20era, Bergara Iparraldeko irteera guztiz itxiko da. Eta AP-1ean, Arrasate-n, 14:00etatik 15:00etara, seinaleztapena egiteko langileak egongo dira eta afekzioak sor daitezke, uneren batean irteerak itxi daitezkeelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak