2026ko Itzuliaren azken etapako ibilbideak 133,7 kilometro izango ditu, eta malda positiboa +3.000 metro ingurukoa izango da. Ibilbideak zirkuitua osatuko du, bi aldiz igaroko da Gorlatik zein Azkaratetik eta txirrindulariak bi leku ezberdinetatik igoko dira Asentziora. Ibilbidearen berri emateko ekitaldian, Bergarako eta Antzuolako udaletako alkateak, Goizper enpresako zein Lokatza Ziklismo Eskolako ordezkariek eta OCETAko presidenteak, Javier Riañok, hartu dute parte.
Antzuola eta Bergara arteko etapan, sei mendatetara igo beharko dira txirrindulariak:
• Asentzio (3. maila)
• Gorla (2. maila)
• Azkarate (3. maila)
• Gorla (2. maila)
• Azkarate (3. maila)
• Asentzio (2. maila)

Antzuolako eta Bergarako alkateen poza
Ibilbidea Bergarako hirigunean amaituko da, Matxiategi kalean, hain zuzen ere. Bergarako alkate Gorka Artolak horrelako ekitaldia herrian bertan egitea zeinen garrantzitsua den aipatu du. "Itzuliak eskaintzen duena maila goreneko txirrindularitzako ikuskizuna da, baina, horrez gain, tresna ahaltsua ere bada, gure herrialdea mapan jartzeko orduan. Oso ezaguna da Bergarako eta inguruko herrietako bizilagunak txirrindularitza-zale amorratuak direla. Ondo baino hobeto dakit kaleak jendez beteta egongo direla eta giroa paregabea izango dela. Horren ondorioz, berezko indarra izango du Itzuliak".
Antzuolako alkate Olatz Lezetak, berriz, honako hau azpimarratu du: "Euskal herritarrek Antzuola ezagutuko dute. Orain dela urte batzuk ere, Iñaki Lete tarteko, Antzuolan hasi zen Itzulia, eta orduko gaztetxook izugarrizko oroitzapena daukagu".
Goizperren "ezinbesteko babesa"
Iñaki Madinak, Goizper Groupeko zuzendari nagusiak, lankidetza horren arrazoia zein den azaldu du. "Goizper herritik jaiotako enpresa industrial internazionala da. Gure jatorri eta balio kooperatibistei erantzunez, jatorriko arlo sozialak zaintzeko eta bultzatzeko ekimenetan parte hartzen dugu. Egungo arlo sozialean, kirolak barne egonda, txirrindularitza gure lankide, herri eta euskal kulturan errotuta dago. Itzulian parte hartzeko aukera edukitzeak gure barruak mugitu ditu nolabait, eta Goizperrentzako zein Antzuolarentzako aukera ona dela uste dugu. Asanbladara ere eraman genuen ekimen horretan parte hartzea, eta, baiezko tinkoa jaso ondoren, gogotsu gaude antolakuntzan parte hartzeko".
Lokatzaren 50. urteurrena 2026an
Lokatzako presidente Ion Unamunoren esanetan, "urteak igaro dira Pello Garitano zenduak eta biok proiektu polit honi hasiera eman genionetik, eta, jende askoren lankidetzari esker, helmugara iristen ari da. Txirrindularitzako eskola garenez, 50. urteurrenean gure ustez guztion gustukoa izango den apetaz gozatuko dugu".
Antolatzaileak ere gustura
OCETAko presidente Javier Riañok eman dio amaiera aurkezpen ekitaldiari. Bertan, ibilbidea aztertu eta honako hauxe adierazi du: "Itzuliaren formatua aldatu behar da apurka-apurka, eta gauza berriak jarri behar dira abian, beste udalerri batzuek Itzuliko hasiera edo amaiera izateko aukera eduki dezaten. Kirol eta gizarte arloari begira, lasterketarentzat eragingarri handia da Bergarara etortzea". Horrez gain, bere esanetan, "Goizper Group bezalako enpresak etapa batean parte hartu nahi badu, bide onetik goazela esan nahi du".
