Valentziako hondamendia

Valentziara laguntza bidaltzeko materiala biltzen ari dira Debagoienean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko aza. 5a, 14:39

Astebete igaro da DANA denboraleak 70 udalerri kaltetu zituenetik, eta ordutik hazi besterik ez dira egin solidaritate kanpainak. Ehundaka talde sortu dira material bildu eta Valentziara bidaltzeko, eta Debagoienean ere horretan ari dira, besteak beste, Bergaran, Arrasaten eta Aretxabaletan.

Hiru herrietan atzo, astelehena, hasi ziren boluntarioak Valentziara bidaltzeko materiala biltzen eta eskertuta agertu dira hiru boluntario taldeek lehen egunean herritarrek eman duten erantzunarekin.

Besteak beste, ura, esnea, elikagai ez-galkorrak, higienerako produktuak, botikak, animaliendako pentsuak eta bestelako lehengaiak ari dira jasotzen. Baina nabarmendu dute batik bat garbiketarako produktuak behar dituztela: katiuskak, haraganak, langargailuak, lanerako erremintak, musukoak, eskuareak, pilak eta linternak…

"Jana baino lehenago oraintxe bertan hondakinak kentzeko materiala behar ditugu. Hori behar dute momentu horretan. Ura eta jana ere behar dituzte", azaldu du Bergarako boluntario taldeko Oskar Ortizek.

Espero zutena baino material gehiago

Hiru herrietan jasoko dute espero zutena baino material gehiago. Bergarako taldeak, esaterako, Irungo Anaka-Puiana auzo elkarteak jarritako bilketarekin egin du bat eta bergararren hasierako asmoa zen asteburu honetan bi furgoneta bete Irunera bidaltzea, gero, handik Valentziara bidaltzeko. Dena den material guztia sartuko ez dela aurreikusten dute eta Bergarako Iñigo Almortza prest agertu da elkarlanerako. Bergarako Zezenak taldetik aurrez Valentziarekin bazuen harremana Almortzak eta Chiva herriko lagunekin egon da harremanetan eskabadorak eta kamioi zisternak eramateko. "Chivako lagun eta udal ordezkariekin egon gara eta eurak saturatuta daude. Esan diegu behar dutenarekin zerrenda bat egiteko eta horren arabera antolatuko garela. Aparte, makinekin ibiltzen garenez eskeini diegu gure makineria; orduan, noiz joan esan zain gaude. Gero horri batu zaio talde honen batzeko helburua eta gurekin jarri gara harremanetan. Eta ea batera lan eginda zerbait lortzen dugun".

Halaber, Arrasatetik furgoneta bat zen irtetekoa eguenean Valentziarantz, baina azkenean, bi izango dira. Dena den, materiala eraman gabe geratzen bada, datorren astelehenean aterako da beste furgoneta bat. Aretxabaletan ere, antzerakoa pasa da. Eguaztenean bidaliko dute furgoneta bat Valentziara, baina material asko jaso dutenez, beste ibilgailu bat ere bidali nahiko lukete. Horregatik, Aretxabaletan eta Arrasaten diru-bilketa ere jarri dute martxan ibilgailuen eta bidaiaren kostuak finantzatzeko. Bergarako taldetik azpimarratu dute, momentuz behintzat, ez dutela dirurik jasoko.

Bilketa puntuak

Bergaran (Barrenkale 44) eguenera arte egongo da aukera material dohaintza egiteko, 17:00etatik 20:00etara. Arrasaten (Aldai kalea 9, baxua) eguaztena izango da azken eguna 17:00etatik 20:30era, eta Aretxabaletan (Durana kalea), berriz, martitzena 18:00etatik 20:00etara.

Halaber, Oñatin ere jasoko dituzte produktuak luar arropa dendan gaurtik eguenera bitartean, denda zabalik dagoen bitartean.

Bergarako Ipintza Ikastolak ere bat egin du Bergaratik Paiportara joango den boluntario taldearekin eta materiala bilduko dute gaur, 16:00ak arte; eguaztenean 08:00etatik 16:30era eta eguenean 08:00etatik 16:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak