Bergarako Oskar Ortizek eta Noelia Garciak material bilketa jarri dute martxan Valentziara laguntza bidaltzeko. Iruneko Anaka-Puiana auzo elkarteak jarri du martxan bilketa eta hura koordinatzen dabilen donostiarrarekin harremanetan jarrita abiaraziko dute, astelehenean, bilketa Bergaran. "Dena galdu dute askok, gauza askoren beharrean daude eta eurei laguntzeko ekimena da. Donostiako koordinatzaile batekin, Elirekin, gaude harremanetan eta euren bitartez bidaliko dugu materiala Valentziara. Astigarragan dagoen garraiolarien parkingarekin daude kontaktuan, euren bitartez bidaltzeko hemen jasotakoa", azaldu du Ortizek.
Donostiako koordinatzaileak jakinarazi dien moduan lehen kamioiak iritsi dira dagoneko Valentziara eta hustu dituzte eramandakoak, beharra dutenen artean banatzeko. "Laguntza beharra dute eta laguntza ematea nahi dugu guk. Dirua batu barik, beharrezkoak dituzten gauzak, jatekoak, janztekoak zein inguru denak garbitzeko beharrekoak dituzten tresnak bidaltzea da gure nahia eta beharra duten herritarren artean zuzenean banatzea. Asmoa da furgoneta bat edo bi betetzea Bergaran".
Astelehenetik eguenera
Astelehenetik eguenera egingo dute bilketa, 17:00etatik 20:00etara, Barrenkale 44 behea helbidean (Laskurain iturgintzaren ondoan). Jaso nahi dituzten materialak dira: Palak, botak, kaskoak, erratz handiak, mangerak, motozerrak, eskuoihal higienikoak, eskularruak, botilako ura, esnea, janari biguna, erregai bidoiak, animalientzako pentsua, musukoak, linternak, pilak, higiene pertsonaleko produktuak, janari kontserbak, fardelak, konpresak, botikak, eskuareak, hondakinak jasotzeko ontziak, karretillak eta katiuskak. Kartoizko kutxak eramatea eskertuko dute.