Lagun kuadrilla batek dei eginda Valentziara bidaltzeko materiala batzen dihardute Aretxabaletan: ura, umeendako esnea, elikagaiak kontserbatan, pixoihalak, paper-zapiak, dutxatzeko xaboia, kartoizko kaxak, katiuskak, palak... Gaur, martitzena, da horretarako azken eguna eta Durana kalean –UDAren lokala– jasoko dute herritarrek eramandakoa, 18:00etatik 20:00etara.
Lehenengo egunean material asko bildu dute eta pozik dira deitzaileak. Horretan jarraituko dute gaur. Jatekoa jasotzen dabiltza, besteak beste, umeendako elikagaiak, esnea eta jakiak kontserbatan, baita ura ere. Norberaren garbitasunerako produktuak ere batu dituzte: dutxatzeko xaboiak, pixoihalak, paper-zapiak, konpresak… Eta lanerako materiala ere bai: eskularruak, palak…
Haien asmoa da, eguaztenean, furgoneta baten bidaltzea material hori. "Beharra duten herrietaraino joango da hori, han banatzeko herritarren artean".
Dirua ere batu gura dute, furgoneta bat baino gehiago joan beharko delako jasotako guztia eramateko, eta gasolina eta beste gastu batzuk ordaindu beharra dutelako.