Zortzi egun igaro dira EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzari Covid Ziurtagiri Digitala aurkezteko beharra ezartzeko eskaera ukatu zionetik; orduan, oinarrizko eskubideak urratzen zituela adierazi zuen erkidegoko justizia areto nagusiak. Bada, pasa den eguenean jarritako helegitea tarteko, eta fiskaltzak atzo bertan argitaratutako txostena oinarri, Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin du EAEn ziurtagiriaren erabilera.
Gaur eguerdian eman du jakitera Goreneko hirugarren aretoak erabakia, eta helegitea onartzea erabaki du, ziurtagiria eskatzea "egokia, beharrezkoa eta proportziozko neurri bat" dela argudiatuta. Irailaren 14ko Galiziako Covid Ziurtagiriaren 1112/21 epaia hartu du oinarritzat.
Erabilera esparruak
Eusko Jaurlaritzak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari eskaera egitean, ziurtagiria 150etik gorako intzidentzia-tasa duten udalerrietako zenbait jardueratan eskatzea zuen helburu; zehazki, 50 pertsonatik gorako jatetxeetan zein diskoteka, dantzaleku, musika taberna eta karaokeetan. Paperean edo formatu digitalean aurkeztuta, establezimenduen jabeen ardura izango litzateke bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea.