Osasun larrialdi egoera aktibatzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 30a, 13:10

Gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia eman du jakitera Gotzone Sagardui Osasun sailburuak: Auzitegi Gorenaren erantzunaren zain, osasun larrialdi egoera aktibatuko du Eusko Jaurlaritzak. Uneotan, 229 herritar daude EAEko ospitaleetan, horietako 49 ZIUan. Sagarduiren hitzetan, "gure eskumenen menpe dauden neurriak ezarriko ditugu"; besteak beste, kanpoaldean maskara erabiltzea derrigortzea aztertzen ari dira.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur goizean landutako gaien inguruko prentsaurrekoa eman dute Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Azken honek eman ditu jakitera pandemiaren inguruan egindako gogoetak zein hartutako erabakiak, eta argi mintzatu da: "Egoerak txarrera egiten jarraitzen du; goranzko joera argi batean gaude". Hona azken datuak.

Bide horretan, irailaren 6an baliogabetutako osasun larrialdi egoera berriz aktibatzeko asmoa adierazi du Eusko Jaurlaritzak. Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren ostean ezarriko du osasun larrialdia Iñigo Urkulluren gobernuak; hots, gaur-gaurkoz egoera berria ez dago deituta, legea ez dago indarrean. "Gaur bertan" espero duten ebazpenaren zain da Jaurlaritza.

Neurri berriak

Marko berria oraindik ezarri ez dela aintzat hartuta, Sagarduik ez du neurri berririk iragarri. "Beste neurri posible batzuk hartzea aztertzen ari garen arren, gure eskumenen baitako neurriak ezartzea dagokigu", adierazi du. Ondorioz, justiziaren ebazpenaren menpe egongo dira epe laburrean ezarriko dituzten baldintzak. Besteak beste, kanpoaldean ere maskara erabiltzea derrigortzea mahai-gainean duten neurrietako bat dela aipatu du Osasun sailburuak.

Indarrean dauden neurriak

Azaroaren 16an jakitera emandako neurriak daude, beraz, indarrean. Goienak jaso bezala, prebentzio neurriak bermatu ezin diren jarduera eta ekitaldiak eteteko eskaera egin zien orduan Jaurlaritzak udalei, baita barrualdeko zein kanpoaldeko ekitaldietan neurriak zorroztekoa ere. Sagarduik adierazi bezala, "jende pilaketak saihestearen, barrualdeak aireztatzearen, eskuak maiz garbitzearen eta musukoa erabiltzearen prebentzio neurriak ere indarrean daude". Eskaera zuzena egin die udal zein herritarrei: "Mesedez, bete ditzagun indarrean dauzkagun neurriak".

Txertaketa

"Txertaketa, txertaketa eta txertaketa", horrela laburbildu du Sagarduik herritarrei helarazi nahi izan dien mezua. Hirugarren edo errefortzu ziztadak sustatzen ari direla aipatu du, eta horren adibide, "atzo 60 eta 69 urte arteko herritarrei emandako 42.000 hitzorduak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak