ALBISTEAK

Ekintzak bertan behera uzteko proposamena egin die Jaurlaritzak intzidentzia-tasa 150etik gora duten udalei

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 16a, 13:14

Eusko Jaurlaritzak 150etik gorako intzidentzia-tasa duten udalei urriaren 6an adierazitako neurri murriztaileak bete ezin diren ekintzak "aldi baterako bertan behera uztea" eskatu die. Datuen arabera, Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta eta Oñati dira, gaur-gaurkoz, bailaran tasa altuagoa duten herriak. Horrez gain, Jaurlaritzak baimena eskatuko dio EAEko Auzitegi Nagusiari jarduera jakin batzuetan COVID ziurtagiria eskatzeko.

"Ez goaz ondo; neurriak indartu behar ditugu egoerari aurre egin eta atzera ez egiteko", hasi du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Gobernu bileraren ostean egin duten prentsaurrekoa. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile den Bingen Zupiriarekin batera, egoera epidemologikoaren irakurketa egin dute, neurri murriztaile berriak proposatzeaz gain.

"Herritarren %90a txertatuta dagoenean, 150etik gorako intzidentzia metatua erne egoteko modukoa da. Egun, 196,25ean dago tasa hori EAEn", adierazi du sailburuak. Bada, bide horretan, eskaera zuzena egin die Jaurlaritzaren izenean autonomia erkidegoko udalei: prebentzio neurriak bermatu ezin diren jarduera eta ekitaldiak etetea, batez ere, "jan-edana tartean daudenak". Horrez gain, barruko zein kanpoko ekitaldietan "neurriak zorroztea" ere eskatu die, besteak beste, "espazioak handituz, ekintzak kanpoan antolatuz edota jendearen joan-etorrirako bideak ugarituz". Udalek datuak eskura izateko, astelehen eta ostegunetan argitaratuko du Jaurlaritzak buletin epidemiologikoa.

Ziurtagiria eskatzea

Udalei egindako proposamen honekin batera, EAEko Auzitegi Nagusiari gaueko aisialdian zein hainbat jatetxetan COVID ziurtagiria eskatzeko baimena eskatuko diotela adierazi du Sagarduik: "50 pertsonatik gorako kontzertu, aisialdi gune eta jatetxeetan ziurtagiria eskatzeko baimena egingo diogu Auzitegiari".

Herritarrei deia

Sagarduik "dei berezia" egin nahi izan die herritarrei, eta batez ere, 16 eta 39 urte artekoei: "16-19 urtekoen artean %13ak ez du pauta osoa jaso, %17a da tasa bera 30-39 urte artekoen adin taldean, eta 20 eta 29 urte artekoetan, aldiz, %21ekoa da tasa hori; intzidentzian eragin zuzena dute datu hauek". Ondorioz, txertaketaren komunikazio kanpainak indartuko dituztela iragarri du.

Intzidentzia-tasa

Gaur gaurkoz, sei dira Debagoienean 150etik gorako intzidentzia-tasa duten herriak: Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta eta Oñati.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak