Azaroko lehenengo astean baino 22 kasu gehiago atzeman dira bigarrenean

Uxue Igarza Loiola 2021ko aza. 15a, 12:57

Hilaren 8tik 14ra bitartean egindako probek 93 positibo baieztatu dituzte Debagoienean. Arrasaten eta Bergaran atzeman dira gehienak (29 eta 28) eta atzetik izan dituzte Antzuola, Oñati eta Aretxabaleta. Intzidentziek gora egin dute, baina herri handiak ez daude 400etik gora.

Azaroko lehenengo astean egindako probek 71 kasu baieztatu zituzten eskualdean. Bigarrenean egindakoek, aldiz, 22 gehiago; guztira 93 positibo hauteman dira. Arrasaten eta Bergaran erregistratu dira positibo gehienak.

Azaroko bi asteen arteko alderaketa eginda, datu adierazgarria da Bergaran bederatzitik 28ra igo direla kasuak. Eta Antzuolan hiru gutxiago hauteman dira, baina halere hamalau izan dira bertan atzemandakoak.

Hurrengo taulan daude datuak egunez egun eta herriz herri:

Herriak Ast. Mar. Eguaz. Egue. Egub. Zap. Dom. Guz.
Arrasate 7 6 6 2 1 7 0 29
Bergara 4 5 2 8 2 7 0 28
Antzuola 0 1 1 2 6 4 0 14
Oñati 2 3 0 0 2 2 1 10
Aretxabaleta 1 1 4 1 0 0 0 7
Eskoriatza 1 0 0 0 0 2 0 3
Elgeta 0 0 0 1 0 0 1 2
Aramaio 0 0 0 0 0 0 0 0
Leintz Gatzaga 0 0 0 0 0 0 0 0
GUZTIRA 15 16 13 14 11 22 2 93

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Bailarako intzidentziak, ia 100 puntu gehiago

Eskualdeko intzidentzia-tasa orokorra 160tik 253ra igo da astebetean. EAEkoaren gainetik dago (181ekoa da), baina beste aste batez, Gipuzkoakoaren azpitik (308koa da).

Herriei dagokienez, azpimarratzekoa da Elgeta eremu gorrira igaro dela, azken zazpi egunetan bi kasu berri baieztatu direlako bertan. Eta kolore aldaketa gehiago egon ez den arren, tasek gora egin dute; Bergaran adibidez, azken positiboen gorakadarekin bikoiztu egin da intzidentzia. Halere, Debagoieneko herri handiek ez dute 400eko langa gainditu, eta hortaz, momentura arte Osasun Sailak iragarritakoaren arabera, ez dute murrizketarik izango.

Datu guztiak daude ondorengo mapa interaktiboan:

Positiboek eta intzidentziak, gora EAEn

Zazpi egunetan 2.576 positibo erregistratu dira Euskal Autonomia Erkidegoan –azaroko lehenengo astean baino 1.152 gehiago–. Gauzak horrela, intzidentzia-tasak ere gora egin du eta 109tik 181era igo da. Aurreratu bezala, Gipuzkoak jarraitzen du gorakada handiena erregistratzen.

Bestetik, oinarrizko birsorkuntza datua ere hazi egin da: 1,22tik 1,36ra igo da. Hala, pandemiak hedatzen jarraitzen du. Hurrengo grafikoan ikus daiteke R0 datuaren bilakaera:

Heriotzak eta ZIUetako datuak egonkor

Heriotzei dagokienez, hilaren 1etik 7ra, hamar lagun zendu ziren EAEn eta 8tik 14ra sei hil dira. Pandemia hasi zenetik, guztira, 4.828 dira koronabirusaren eraginez hildakoak.

Eta erkidegoko ospitaleetan, aurreko astean baino lagun bat gehiago dago ZIUn ingresatuta (25). Nolanahi ere, plantako ospitaleratzeek gora egin dute eta 86tik 114ra igaro da ingresatuta daudenen kopurua. Duela hilabete, urriaren 15ean, 21 lagun zeuden ZIUn eta 72 plantan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak